ALBAOLA

Pasaia (San Pedro)

ONTZI VENEZIAR BAT PASAIAKO BADIAN!

26/5/2021

Gaur, maiatzak 22, ontzi veneziar baten botadura egin da Albaola Itsas Kultur Faktorian.

Saul Hoffmann, Italian jaioa, eta Ioanna Moutousidi, Grezian jaioa, Albaolako ontzigintza eskolako bi ikasle dira. Biek hilabeteak daramatzate "Laguna" izeneko ontzi tradizional veneziarra eraikitzen. Sandolo s 'ciopon bat da zehazki, 6.2 metroko luzera duena, eta bere eraikuntzak beraien formakuntzaren azken urteko proiektua izan da. "Gure erronka Veneziarrek aintzat hartuko duten ontzi bat eraikitzea izan da, haien itsas historia eta tradizioa errespetatuko duen itsasontzia alegia. Esan beharra dugu Venezian “Laguna”-ren eraikuntzak oihartzun handia lortu duela, eta oso pozik gaudela lortu duen erantzunarekin eta bertatik jaso dugun babesarekin.

"Laguna"ren eraikuntzaren hasiera pasa den martxoaren 25ean aurkeztu zen, Venezia hiriak 1600 urte betetzen zuen egunean hain zuzen. Gaur, bi hilabete geroago, Itsasoaren Europako Eguna ospatu dugun aste honetan, sandoloaren botadura egin dugu. Ekitaldia Italia Txiki elkartearekin batera egin da. Elkarte honek Gipuzkoan eta Iparraldean bizi diren italiarrak biltzea du helburu, harreman sozial, kulturak eta gastronomikoak sortzeko xedearekin. “Laguna”ren proiektuaren berri izan zuztenetik gertutik jarraitzen dute Albaolaren lana, eta oraingo honetan ospakizunaren parte ere izatea erabaki dute.

Ospakizunerako Xabier Agote, Albaolako presidentea eta bere taldea, eskolako ikasleak, Francesco Roncaglia, Italia Txikiko presidentea eta elkarteko kideak bildu dira. Horien artean, Giovanna Bittantek, presidenteordea, veneziar dialektoan testu baten irakurketa egin du partehartzaile guztien aurrean. Ondoren, txalotartean Sandoloren botadura egin da eta badiatik nabigatu ondoren, elkarteak ekarritako ardo italiarrarekin topa egin dute partehartzaileek.

Ontziaren izena, Laguna, ez da kasualidadea. Izan ere, hitz honek esanahi bikoitza du; alde batetik, italieraz zein gaztelaniaz, Venezia-ko ingurune naturalari erreferentzia egiten dio. Bestetik, euskaraz, "lagun" “adiskide” esan nahi du. Era honetan, "Laguna"k urruti dauden bi errealitate gerturatzen ditu eta aitzaki ederra bilakatu da bi kulturak elkarrekin lanean hasteko. Sandoloa, beraz, Veneziak Gipuzkoan izango duen lehen enbaxadorea izango da, eta bi tokietako ontzi tradizionalen erabileran, zaharberritzean eta azterketan interesa duten elkarteen sare bat ehuntzera gonbidapena luzatuko du.
"Etorkizuneko planetan pentsatzeko momentua da orain", zioen Saulek; "Laguna”k veneziar erara arraunean egiten ikasteko aukera emango du, hemen Pasaian, nahiz Oiartzun, Urumea edo Orioa ibaietan, edo Kontxako Badian! Etorkizunean ere beste sandoloekin batera itsas festival batean parte hartzen ikusiko dugula ziur nago.

Nola eraiki da?

Saulek eta Ioannak Gilberto Penzo Adriatikoko ontzi tradizionaletako adituaren planoetan oinarrituta eraiki dute sandoloa. Veneziako ontzi txiki tradizionalak, gondolak barne, cantiér izeneko euskarri baten gainean eraikitzen dira. Pieza kurba honek itsasontziaren hondoko lehen taulari izan behar duen kurba ematen laguntzen dio. Eraikuntza honetan eskeletoa haritzez egin da eta oholtza alertzez.

Zailtasun handiena antzeko erreferentziarik ez izatea izan da eta lanari aurre egiteko oso lagungarria izan da italiar ikaslearen aurretiko ezagutza (Albaolan hasi aurretik Venezian bizi izana hain zuzen) eta kontaktuak. Hori esker, Venezia-tik argazki eta material baliagarriak jasotzeko aukera izan dute.

Ontziaz gainera, arraunak eta forkolak (toleteak) ere eraiki dituzte. Venezian, hala ere, forkolak eraikitzea ogibide bat da eta batzuek benetako artelanak kontsideratzen dira.

Zer da sandolo s´ciopón bat?

Sandolo s'ciopón Venezian ahateak ehizatzeko erabiltzen zen 6 metroko luzera duen ontzi mota bat da. Bere izena, s'ciópo, hiru metro luze duen fusil bati zor zaio. Sakonera txikiko uretan nabigatzeko diseinatua zegoen, kanal nagusietatik kanpo. Beharrezkoa izanez gero, erraz altxatzen zen lur gainetik pasa ahal izateko, izan ere pertsona bat nahikoa zen mugitzeko. Ontzi hau 70eko hamarkadan desagertzen hasi zen, ehiza debekatua izan eta gero.

S'ciopón ("s-chopón" ahoskatua) Veneziako sandoloen familiako kide da. Venezia uretan oinarritako hiri bat zenez, erabilera mota bakoitzerako ontzi desberdinak zituen, eta gaur egun ere hala da, zaborretarako ontziak, ontzi-anbulantziak, suhiltzaileen ontziak eta turistentzako gondolak daude; hala ere antzinako tipologia asko galdu dira. Sandaloak arrantza txikirako erabiltzen ziren, baita barazkiak uharteetatik Rialtoko merkatura garraiatzeko ere. Azken batean, hirian mugitzeko garraiobide bat zen, baino pertsona txiroentzat, ez baitzuten gondolarik eta gondolari partikularrik (familia aberatsek zuten bezala). Hala ere, gaur egun arte bizirik iraun dute, baino tamalez motorrak gaineratu dizkiete arraunak ordezkatuz

Nabigazioa

Hiritik kanpo, arraun egiteko modurik onena "balesanera" da, hau da, bi arraun pertsona bakoitzarentzat. Hasiera batean, “voga veneta”-k arraun bakar batekin arraun egitean datza, “forcola” izeneko "tolete" konplexu batean bermatuta. Arraunlaria zutik dago eta aurrera begira, egon daitezkeen oztopoak ikusteko eta uraren maila kontrolpean edukitzeko.

Materialak:
Forkolak, normalean, intxaurrondoz, udareondoz edo gereziondoz egiten dira, nahiz eta edozein egur gogor eta trinkok balio dezakeen. Gaur egun, berriz, arraunak egiten dituzten artisauek egiten dituzte (remerrari arraunak zergatik egiten dituen esaten zaio). Oso landuak egon daitezke eta eskulturen antz handia dute, nahiz eta laneko ontziek forkola sinpleagoak izan.

Arraunak, tradizioz, pagoz egiten ziren, eta Veneziak, Alpeetan, horretarako erabiltzen ziren pago basoak zituen kontrolpean. Gaur egun, pinua eta egur exotikoak ere erabiltzen dira, baina pagoa palaren alboetarako erabiltzen jarraitzen da, kolpeen aurkako babes gisa. Veneziako ubide estuetan oso erraza da arraunarekin adreiluzko edo harrizko horma bat jotzea, edo ubidearen ondoan amarratutako itsasontziekin talka egitea.
Itsasontzia haritzez, zumarrez, alertzez eta izeiz egiten da. Gureak hezurdura haritzez eta oholak alertzez izango ditu. Gaur egun, zoritxarrez, Veneziako itsasontzi gehienak beira-zuntzez eginak daude. Zurez egiten direnak, arraun-klubetakoak edo udalak antolatutako estropadetakoak, ia beti  kontratxapatu-forrua izaten dute.

Itsasontzi bat zurarekin forratzea, Albaolan egiten den moduan, askoz ere jasangarriagoa da. Besteak beste itsasgarri kimikorik edo erretxinarik erabiltzen ez delako. Gainera kalafateatzen ikasteko aukera ematen du, hau da, ohol arteko espazioa kotoi edo estoparekin zerratzea, arte bat bere baitan.