ALBAOLA

Pasaia (San Pedro)

GAZTEGUR MUGAZGAINDIKO PROIEKTUAREN FRUITUAK

16/4/2021

[EU] GAZTEGUR, MUGAZ GAINDIKO PROIEKTU BAT, ALBAOLARI LEKU BERRI BAT ERANTSI DIONA Dagoeneko eraiki da, GAZTEGUR lankidetza proiektuari esker, laster Albaola Itsas Kultur Faktoriaren jantokia eta erabilera anitzeko gunea izango denaren zurezko egitura berria. Pasa den urriaren 16an jendaurrean aurkeztu zen GaztEgur proiektua, hiru zurgintza-eskolaren arteko mugaz gaindiko proiektua: Pasaiako ALBAOLA, Iruñeko DONIBANE Li-LH eta Angeluko LES COMPAGNONS DU TOUR DE FRANCE hain zuzen. Helburuak? Zurgintza ikasketak egiten ari diren gazteen arteko kulturak eta ezagutzak trukatzea; ekonomia, kultura eta lanbideen ikuspegitik interes orokor handia duen mugaz gaindiko egiazko lankidetza bat gauzatzea; eta zurak eraikuntzarako duen baliagarritasuna begien bistan jartzea. Osagai horiek tartean egonda, emaitzak aise gainditu ditu espazio berri horrek dituen 31 metroko luzera eta 7`5 metroko altuera. Hor aritu diren zurgingaiek elkar-trukerako aukera ederra izan dute, eta haien prestakuntza aberastu dute, egiazko lantegi batean aritu baitira, proiektu baten fase guztiak, eraikuntza bera barne, beren eskuez burutu beharrez. Horri erantsi behar zaio etxetik kanpo hilabete batez egoteak ematen duena, elkarrekin biziz, beste eskola eta kultura bateko zurgingaiekin, guztiak elkarrekin lanean, proiektu bat bera aurrera eramanez. Agenda kulturala osatzen tarterik ere izan denez, Donostialdea eta Oarsoaldea, eta bertako museoak bisitatu dituzte, eta itsasaldi txiki bat ere egin dute, Albaolaren traineru zahar-berrituan. Lankidetza horren emaitzak espazio berri bat ekarri dio Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktoriari, egunero jantokirako erabiliko dena, eta erabilera anitz egiteko aukera ere emanen duena, elkartearen funtzionamendu beharrei erantzuteko, dela batzar-areto gisa, dela tailerrak egiteko, ekitaldiak, etab. Proiektuak Nouvelle Akitaine-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdearen laguntza izan du hasieratik, eta horri esker jarri da martxan. Proiektuak forma hartu ala, hainbat eragilek harekin lankidetzan aritu nahi izan dute, sareko, lankidetzako eta mugaz gaindiko lan-ekimen mota horien bidez lantzen ari diren helburuak eta balioak direla eta. Besteak beste, Pasaiako Udala, Pasaiako Portua, Gipuzkoako Foru Aldundia, Lekuona Arkitektura, Mavi burdinak eta EQUILAN Shop & Design.

-Hiltze ta zipotz kana edo arraz neurtua da ganoraz

-Arrotasunez ikasleekin eman berri den pausoaz

-Itsas gaineko itsasontziak itsas hondoan erroaz

-Zura ta itsaso jarri ditugu biak elkarreri soaz

-Elkarlana da ipar orratza muga ez duen gogoaz

-Tosta batean ipar da hego txalupa berean goaz

FERNANDO ZIGANDA