ALBAOLA

Pasaia (San Pedro)

BOLONDRES ELKARRIZKETA: SIMON

04/12/2020

1-Kaixo! Kontatu pixka bat zutaz, nola deitzen zaren, nondik zatozen, adina.

- Simon dut izena eta Australiako ekialdeko kostaldetik nator. 23 urte ditut eta oraintxe bertan Europan zehar bidaiatzen ari naiz bizikletarekin.


2- Lehen aldia duzu Euskal Herrian?


- Ez, lehenago ere izan nintzen Euskal Herrian, orain dela 3 urte, astebetez, Donostia, Bilbo eta beste leku batzuk bisitatzen inguru honetan.

3- Zer ikasi duzu eta zein dira zure grinak?


- Australian arotzeria ikasi nuen eta bertan praktikak egiten egon nintzen 4 urtez lanbidea ikasten eta gero 5 urte inguru lanean. Txirrindularitza eta surfa maite ditut


4- Nola ezagutu duzu Albaola?

- Albaola kasualitatez ezagutu nuen, boluntario bezala etorri baino aste bat lehenago. Donostiako mutil batek Albaolari buruz hitz egin zidan, eta egurra asko gustatzen zaidanez animatu ninduen hona etortzera, eta horregatik nago hemen.


5- Zenbat denbora eman duzu boluntario?


- Dagoeneko hiru aste daramatzat, eta uste dut beste bat geratuko naizela hilabetea osatzeko, pedalei berriro eman aurretik.


6- Zein lan mota egin dituzu?


Denetarik egin dut hainbat ontzitan, baina batez ere Patatxean. Toleteetan lan egin dut, egurra aizkora batekin zatituz, ondoren txantiloi bat erabiliz behar den tamainara egokitzeko. Gorbatoien errematxeak ere egin ditut. Gainera, Albaolako ontzi tradizionalekin arraunean egiteko aukera izan dut, txukatze lanak egin ondoren.



7- Zer aurkitu duzu Albaolan eta nola definituko zenuke?


Energia handiko pertsona talde bat aurkitu dut, lanera etortzea gustatzen zaiona eta ordutegia begiratu gabe lanak amaitzen dituena. Horrek erakusten du langileek Albaolarekin duten konpromezua. Mundu guztiak du interesa eta interesgarriak dira. Hau Albaolaren definizioa izango litzateke niretzat.


8- Zer eman dizu esperientzia honek pertsonalki? Eta profesionalki?


Esperientzia honek aurretik erabili ez ditudan teknika berriak irakatsi dizkit, ez bainuen interes handirik itsasontzietan hona iritsi arte. Horrek nire lanbidea aberastu du, ontzigintza oso desberdina baita ni ohituta nagoenaren aldean.


9- Hemen jende asko ezagutu duzu? Zein hizkuntzatan hitz egiten duzue?

 

Bai. Jende asko eta nazionalitate desberdinetakoak ezagutu ditut leku honetan, eta, jakina, ingelesez hitz egiten dut beraiekin, hiru astetan ez dit gaztelera edo euskara asko ikasteko denborarik eman.



10- Zer asmo duzu orain?

Lehen esan dudan bezala, Europan zehar bidaiatzen ari naiz bizikletarekin, eta ez dakit zehazki zein den nire azken helmuga. Frantzia, Alemania eta Austriatik igaroko naiz. Dena bizikletan.



11- Albaolan asko baloratzen dute etortzen diren boluntarioek erakusten duten indarra, gogoa eta energia; eskerrak eman nahi dizkizugu proiektuaren parte izateagatik. Nola animatuko zenituzke beste pertsonak hona etortzera eta zergatik?



Hau leku ona da boluntario izateko, gauza ezberdin asko egin daitezkeelako. Esperientzia aberatsa da eta jendea oso jatorra da, merezi du topatuko dituzun pertsonengatik bakarrik etortzea. Anima zaitezte!


Laster elkar ikusiko dugulakoan, hemendik aurrerako bidean zorte ona opa dizugu!