2004
Oihanetik itsasora programak garai batean barnealdeko lurraldeak eta kostaldeko eskualdeak lotzen zituzten harremanak biziberritzen ditu; batik bat, Albaolaren jardunarekin zuzeneko zerikusia duen bat: zura eskuratzea ontziak eraikitzeko.
Ontzigintzan, zur makotuak behar dira ontzien kroskoaren egitura eratzen duten piezak egiteko baina, gaur egun, ezinezkoa da ia merkatuan halako zurik aurkitzea.
Beharra zela-eta, Albaolak basoetan bilatu behar izan zuen zuzenean haritz-zura, beharrezko forma zuten arbolak aukeratuz. Hartara, Izura aldera (Nafarroa Behereko herri txiki batera) jo zuen, eta hango basoetan erosi zuen beharrezko zura.
Forma bitxiko zuhaitz zaharren ez ohiko eskariak Izurako Haize Berri kultur elkartearen jakin-mina piztu zuen, oro har, sutarako bakarrik erabiltzen baitira, baina ez, ordea, habeak eta oholak egiteko. Gure egitekoa argitu genien eta, berehala, oharkabean berpiztu genuen lokarri horri buruzko kultur proiektu komunak gauzatzeko iradoki ziguten. Izan ere, ontzigintzak eta itsasketak, kostaldean ez ezik, Euskal Herri osoan dute eragina zuzenean edo zeharka.
Programaren emaitza erakusketa bat eta antzerki-, musika- zein irudi-emanaldiz eta hitzaldiz betetako egitaraua izan zen, baita basoetan egiten den lanaren antzezpena ere. Bi zatitan banatu zen: lehenengoa Izuran egin zen, 2004ko urriaren 1etik 14ra bitartean, eta bigarrena, Pasaian, urte bereko azaroaren 20tik abenduaren 11ra bitartean. Bisitariek zurgintzan eta ontzigintzan erabiltzen diren teknikak ikusteko aukera izan zuten bertan: oholak eskuratzea arpanaren bitartez, pieza handiak zizelkatzea trabesa eta aizkora berezien bitartez eta kanoa monoxilo bat eraikitzea.
Ondotik, bertaratutakoen artean piztutako interesaren ondorioz, bi elkarteok ordura arte egindakoaren helmena handitu eta erakusketa ibiltaria antolatzea erabaki genuen.
© Albaola Elkartea by Wegetit