Euskaldunek antzina erabiltzen zituzten ontzien erreplikak egiteko, behar-beharrezkoa da dokumentazio-lan sakona egitea.
Mutiozabal familiako kideak ontzigile ospetsuak ziren, eta Jesus Mari Perona ikertzaile eta modelistari laga zioten bere plano-artxiboa; hark Donostiako Aquariumean gorde zituen planoak. XVIII. eta XX. mende bitartean Mutiozabaldarrek Aginagako eta Orioko ontziola zaharretan egindako ontzien planoen bilduma da; alegia, aparteko altxorra da, kulturala eta teknikoa.
Artxibo historikoak ere (www.irargi.org) ezinbesteko informazio-iturriak dira, ontzigintzaren bilakaera hobeto ezagutu ahal izateko; izan ere, horiei esker, aurkikuntza garrantzitsuak egin dira arlo horretan.
MenuaOso gutxi badira ere, badaude egileen garaiko ontziak luze edo labur deskribatzen dituzten zenbait liburu tekniko. Hona hemen horrelako liburuak idatzi zituzten egile batzuk: Alonso de Chaves, Diego Garcia de Palacio, Juan Escalante de Mendoza, Thomé Cano, Jose de Veitia eta Antonio de Gaztañeta. Haiek utzitako lanak ontzi-ikertzaileek alde batera utz ez ditzaketen erreferentziak dira.
MenuaIrudi ikonografiko ugarik irudikatzen dute euskal ontziak nolakoak ziren. Hona hemen zenbait adibide: kostaldeko zenbait etxeren ateburuetako erliebeak, Donostia eta Bermeo hiribilduetako Erdi Aroko zigiluak, Zumaiako taula botiboa eta Gasteizko Andre Mariako eta Baionako katedraletan zizelkatutako irudiak.
MenuaIkertzaileek hainbat lekutatik lor dezakete informazioa; maketa zaharretatik, modelo-erdietatik eta zinoparietatik. Maketa zaharrak gazteei nautika irakasteko erabiltzen ziren. Modelo-erdiek ontziolan egin nahi ziren ontzien kroskoaren hiru dimentsioko ikuspegia ematen zuten. Zinopariak, berriz, marinelek ematen zizkieten elizei, itsasoan egoera arriskutsuren batetik bizirik irten ondoren.
MenuaAzken urteetan, ontzigintzari buruko ezagutzak goitik behera aldatu dituzten aparteko aurkikuntzak egin dira; besteak beste, Red Baykoak (Kanada), Gernikako itsasadarrean hondoratutako Urbietako ontzia eta Txileko Mejillones badian aurkitutako ‘San Martin’ itsasontziaren hondarrak.
Halaber, Mutrikuko talaiaren indusketa eta Zumaiako eta Donostiako portuetako arkeologia-jarduerak aipatu behar dira, elkarteko kideek eginak.
MenuaBeste informazio-iturri bat hainbat egilek arrantza tradizionaleko azken protagonistei egindako inkesta etnografikoak dira.
Behin ontzia uretan dagoela, hura nola erabiltzen zen berraurkitu behar da. Horrela jakingo dugu aurreikusi duguna betetzen ote duen: maniobragarritasuna, egonkortasuna, abiadura… Halaber, tipologia desberdinak alderatzeko eta bakoitzari zegozkion zereginetara nola egokitzen ziren egiaztatzeko aukera daukagu.
Nabigazio esperimentalari esker, gaur egun dakigu euskal arraun-belazko ontziak oso egokiak zirela itsasoan ibiltzeko, zenbait mendetako bilakaera arretatsuaren ondorioz.
Albaolak interes handiz ikertzen duen beste alderdia baso-ustiapen tradizionala da, ezinbestekoa baitzen ontziak egiteko. Askotan, ohiko zerrategian dagoen haritz-zura ez da egokia ontziak egiteko eta, bereziki, ontzien saihetsak egiteko; izan ere, lortu nahi den piezaren kurbadura bereko zuretatik atera behar dira. Horrek esan nahi du zuhaitzak banan-banan aukeratu behar direla mendian, haien forma naturalei erreparatuta. Eta hori horrela izanda, zergatik ez eskuzko erremintak erabili eta, hortaz, egurgileen lanbide zaharra berraurkitu? Nahiz eta, batzuetan, behar ditugun zerrak egin behar izan, eta haiek erabiltzen ikasi (Ikus ‘Oihanetik Itsasora’).
Horrez gain, beste alderdi garrantzitsu bat izan behar dugu kontuan; hots, zuhaitza moztean Ilargia zer alditan dagoen. Zur-hornitzaile handi gehienek ez daukate saltzen duten zura noiz moztu zen jakiterik. Zorionez, zenbait zerrategi txikitan, faktore hori oso kontuan hartzen dute oraindik ere, zuhaitzak beraiek mozten badituzte, batik bat.
© Albaola Elkartea by Wegetit