Albaola Elkartea

Ontziak

Egindako ontziak

Fitxa teknikoa
Eraikuntza-data1998
Luzera11,50 m
Erruna2,00 m
Mastak2
Eskifaia14
Itzuli

Trainerua

Ameriketatik

Ameriketatik trainerua 1998an egin zuten Rockland-eko ontziola-eskolan, Ameriketako Estatu Batuetan, Xabier Agoteren zuzendaritzapean. Amerikako kontinenteko Euskal Etxeek finantzatu zuten lana. Ondoren, itsasoz bestaldeko euskaldunek opari eman zioten trainerua Euskal Herriari.

1772an, Duhamel du Monceau-k ontzi-mota berri batek erabilitako arrantza-aparailu berri bat deskribatu zuen. Ontzi hori traineruaren kontzeptuarekin bat zetorren, nahiz eta ‘traineru’ hitza, lehen aldiz, XIX. mendeko bigarren erdialdeko dokumentuetan agertu. Monceauren arabera, 1750ean, traineruak sardinak harrapatzeko erabiltzen ziren, inguraketa-teknikaren bidez.

Teknika hori mazopa gosetiek trinkotutako sardina-sarda inguratzean oinarritzen zen. Arrantzaleek mazopen ehizaldia ikusten zutenean, trainerua sardaraino hurbiltzen zen arraunean; sarda azkar inguratu eta, aldi berean, sarea botatzen zuten tripulatzaileek. Zirkulua amaitutakoan sarea behetik ixten zuten, soka bati tira eginda, eta traineruaren barrura igotzen.

Teknika hori abiaduran eta maniobragarritasunean oinarrituta zegoen. Luzeraren eta zabaleraren arteko erlazioa 1/6ra artekoa izaten zen, eta ohiko luzera hamabi metrokoa zen. Kroskoa oso arina zen (800 kg ingurukoa), eta branka eta korasta goratuta zituen, biraketa errazteko. Tripulatzaile asko behar ziren; oro har, hamabi arraunlari, nahiz eta trainerurik handienetan hamasei arraunlari ere aritzen ziren.

Belaz ere nabigatzen zuten traineruek, baina bela ez zen aipatutako arrantza-maniobra horretan erabiltzen. Amurako belak erabiltzen zituzten, nagusia eta trinketa.

 

© Albaola Elkartea by Wegetit