Albaola Elkartea

‘Apaizac Obeto’ espedizioa

Espedizioa Jon Maiaren eskutik

Ekaina 2006

 
 
 
1
2
3
4
5
6
7
8
9
10
11
12
13
14
15
16
17
18
19
20
21
22
23
24
25
26
27
28
29
30

Uztaila 2006

 
 
 
 
 
1
2
3
4
5
6
7
8
9
10
11
12
13
14
15
16
17
18
19
20
21
22
23
24
25
26
27
28
29
30
Itzuli

Ternuara itzulera

2007-09-27

“Ane Arbillaga pasaitar gazteak Red Bay-en egoteko parada izan zuen, Beothuk baletxalupari harrera egiteko euskaldun gehiagorekin batera. Inspirazio bikaina izan da beretzat, eta ondoren zer idatzi jakin izan duela argi dago. Hona hemen bere kontaketa:”

Terranova, Ternua, Newfoundland… milaka kilometrotara egonda ere, gertutasun berezia duen lurraldea da euskaldunontzat. Canadako ekialdean aurkitzen den irla da. Naturaz beteriko paisaiez osaturik dago, telebistako dokumentaletan ezinezkotzat diruditen paisaiez. Badirudi denborak ez duela aurrera egiten paradisu honetan. Bertara iristeko 3 hegazkin, 12 ordu autobusez, pare bat ordu ferryan, eta beste ordubete autobusean. Azkenik ulertu dut urruti egotearen kontzeptua. Ternua atzean utzi eta Labrador-ekin egin dugu topo. Iparralderuntz irla gurutzatu ezkero, ondoren datorren lur zatia da Labrador. Azkenik iritsi gara, Red Bay, Badia Gorrira. Neguak gorriak izango direlako agian. 11º arratsaldeko seitan, baina aipatu beharreko datuarekin, bertan aspaldian izandako udarik beroena dela diote. Ongi etorri 9 hilabete luzez izotzpean dirauen lurraldera. Naturak agintzen du bertan. Ongi nabaritu dugu hori, errepideak erliebearen baitan sortuak dira, eta ez erliebeak errepidearen baitan. Bi kolore dira nagusi, milaka ta milaka basotan naturak esan bezala pilaturik dauden pinuei erortzen ez zaizkien hostoen kolore berdea, eta neguan, behin zerutik erorita, hilabete luzeetan dena estaltzen duen elur zuriarena. Itsasoan aldiz, udara hasieran, iceberg-ak dabiltza dantzan, negu osoan zehar izotz hutsa den itsasotik aske geratzen diren izotz puska ikaragarriak. Eta itsaspean zer? Igeri lasaian, nagiak bezain arinak dabiltza baleak. Ikaragarriak benetan. Sakonetik nola irteten diren ikustean, zureak egin du. Lehenik beldurrak harrapatzen zaitu, ondoren arnas egiteari utzi eta ezin hitzik esan, mirespena dator gero, txikia zara erraldoiaren ondoan, txikia baino txikiagoa, euren arnasketa sakonaren soinuak guztiz harrapatzen zaitu eta sakonera doa berriz, isatsa erakutsiz agur esango balu bezala. Zure bizitzako lau segundu kendu dizkizu balea batek eta jada ez duzu itsasoa inoiz begi berberez ikusiko. Zauden tokian zaudela, beti egongo zara balea noiz agertuko zain. Red Bay-ko badia txikiaren sarreran pilatzen dira etxe gehienak, ez asko egia esan. Guztiak egurrezkoak, 10 urte pasatakoan bota eta 15 bat egunetan berriturik eraikitzen diren etxe merkeak. Egurra omen da neguari aurre egiteko materialik sendoena. Naturak emandako lehengaia. Familia bakoitzak bere etxetxoa dauka. Ahaztu ditzagun ormigoi gaixotuetan bizi diren familia kopuru handiak, pisuak, igogailuak, larrialdietarako eskailera bukaezinak, hirietako harrizko erraldoiak… arren, ahaztu ditzagun une batez. Badiaren barrualdean dago eskola, ”Basque memorial“ deiturikoa. Euskaldunekin aurkitzen dudan lehengo lotura, hementxe. Marrazturiko bale alai bat agertzen da igerian eskola barruan neguko hotzetik babesteko eraikitako saskibaloiko kanasten tabloian. Balea alaia dela diot bai. Irribarre urduri berezia sortu zait, oraindik ere, euskaldunak arrantzaturiko bale guztiak neure atzealdean barruraino sartzen den begiradarekin begira banitu bezala, presiopean ateratzen zaizun irribarrea atera zait, oraingo honetan bakean utziko baitugu, behingoagatik irudian bezain alai eta bizirik. Eskolako sarreran, mapetan, brujularen antzera, orientaziorako izar berezi hori ageri da. Iparraldea hurbil badago ere haruntza zuzentzen da izarra, munduan galdurik dirudien lurraldean gehiago gal ez zaitezen izango da. Eta hasia naiz pentsatzen, honaino iritsi beharraren zergatia dut bueltaka buruan. Txikia nintzenean entzundako marinel euskaldunen istorioak ekarri ditut gogora. Noizbait, entzuna izango dugu euskaldunak Ternuan izandakoak zirela, dena delakoa arrantzatzen, balea bezalako piztietatik hasi eta bakailaoa bezalako arrain arrunteraino. Bada Amerikara Kolon baino lehenago euskaldunak iritsi zirela dioen hipotesia ere. Nork daki? Balearen arrantzak XVI. mendean zuen indar handiena. Kantauri itsasotik abiatu eta bertara iristen ziren Euskal Herrian eraikitako galeoietan, Euskal Herriko basoetako zuhaitzekin eginiko barku pirata handi horien antza duten belaontzietan alegia. Euskaldunak ziren bai, eta garai hartan itsasoko munstrotzat hartuak ziren baleak arrantzatzen zituzten. Milaka bale. Etxera milaka olio-kupel. Aberasteko. Ehunka marinel, euren etxeak utzi eta patua itsasoaren eskuetan utzita bizia urpean galtzeko. Euskaldunen arrastoak ez dira gutxi. Red Bay-ko herri gazteak altxor zaharra du gordea urpean. Galeoiak, bertako kostetan daude hondoratuak. Baina bada bat bereziki aipagarria dena, San Juan izenekoa. 1565. urtean Pasai Donibanen eraiki eta beste hainbat ontzien antzera, Labrador aldera bale arrantzara abiatu zena. Ekaitz batek zigortu zuen itsas azpira, betirako, natura nagusi den lurraldean. Handik gutxira, beste galeoi bateko marinelek itsaspe ez hain sakonean hondoraturiko altxor zaharra topatu eta agiri batean San Juan galeoiaren egoera eta kokapena historiari eskaini zioten, betirako. Altxorraren bila ibiliko balira bezala, poliki-poliki, Oñatiko liburutegi historikoan egunak pasa zituzten Red Bay-ko ikerlariek, obsesio bilakatzen hasiak ziren agirien bila. Azkenean, informazio askoren artean, topatu zuten altxorraren agiria. Eta bost mende igarota zeudela, agiriak zioen tokian, 1978. urtean topatu zuten San Juan galeoi euskalduna. Horra hor Badia Gorriko itsaspe ez hain sakonaren oparia. Naturak, egindakoaz damutu balitz lez, goxotasun bereziz babestu zuen ontzia, orain arte urpean hobekien kontserbatu den garai hartako ontzia baita. UNESCO erakundea, egindako aurkikuntzaz jabetuz, tartean sartu eta itsas ondare arkeologiaren iruditzat San Juan galeoia hautatu zuen. Ez da gutxi. Red Bay-en, arkeologo eta historialariek ilusio handiz ekin zioten lanari. Piezaz pieza, San Juan galeoia esnatu zuten bere loalditik. Banaka-banaka, pieza bakoitzari dagozkion argazkiak atera eta ontziaren plano hipotetikoetan tokia bilatzen zioten. Azkenik, pieza berriro zegoen tokira, zegoen modura itsaspera itzulia zen, ur azalean usteltzeko beldurra uxatzeagatik. Naturari egindako lanari eskerrak itzultzeko edo. Naturaren atsekabeak oraindik bazuen bere damua erakusteko gogoa. Galeoi zahartuaren azpian, zeharo babesturik, bazen beste ontzi bat, txalupa bat. Bale arrantzarako erabiltzen ziren txalupetako bat. Pirata barkuak irla batera iristean, bertara hurbiltzeko erabiltzen zituzten txalupa horien antza duen horietako bat. Haritzez egindakoa, sendoa baino sendoagoa. Pisutsua baino pisutsuagoa. Arina baino arinagoa. Baleari behin arpoia iltzatuta, itsasertzera eramateko gai zen txalupa. Zazpi gizonek arraunean ehunka kiloko baletzarra arrastako itsasertzera hurbiltzeko ahalegina egi bihur zezakeen txalupa. San Juan galeoiaren semetzat hartua izan zen txalupa. Naturari eskaera eginez, piezaz pieza atera zuten, eta ez zioten itsaspeari itzuli. Lurrazalean naturaren haserrearen beldur, berreraiki zuten txalupa. Eta horra hor, naturari eginiko lapurreta preziatua, Red Bay-ko museo historikoan, bost mende luze igarota, haritzezko txalupa, ur azalean hondoratuta. “Apaizac obeto” 1565. urteko garaira itzultzeko nahia burutu da ordea. Berriro, Ternuara itzulera. Apaizac obeto espedizioaz iraganera buelta eginez, historia gaur eguneratu da. 40 egun, garai hartako arropekin, garai hartako ohiturekin, garai hartan bezala, arraunean eta haizeak txaluparen oihaletan eginiko laztanekin burututako espedizioa. Québec-etik hasita, jomugaraino, naturaren gordeleku historikoa den Red Bay-raino, badira 1000 itsas milia baino gehiago. Tripulazioan, sei gizon eta emakumezko bat, horietatik patroia eta bost arraunlariak euskaldunak, zazpigarrena aldiz Mi’kmaq-tarra, Lehen bezala, elkarlanean, baleak lagun oraingoan, itsasoan kulunka dabilen haritzezko txalupatxoan. Berriz ere, Ternuan dira. Eta isilpean, olatu txikiek daramaten erritmoan, haizeak lagunduta, 40. egunean, hantxe, iritsi eta itzuli dira euskal marinelak naturaren gordelekura. Red Bay-ko herriak egin die ongi etorria. Txalupa, berriz ere, Euskal Herritik, itzuli da Ternuara, haritz berriz eginda, haize freskoak bultzatuta, bale arrantzaren atsekabez, ur azalean hondoratuta. Hurbil du lur azalean itxaroan dagoen txalupa zaharra, bera sortzeko beharrezkoa izan den haritzezko anai zaharra. Baina are hurbilago dago euren ama. Urpearen magalean kokatuta, arraunak altxa dituzte. Horra hor San Juan galeoiaren hilotza. Horra hor gogora inguruan hondoraturik diharduten gainontzeko ontzien haritzezko arima hotza, arrantzaturiko balea guztien azken hasperenak, naturari eginiko min guztiak, antzinako euskal marinelak. Denborak, historiari itzultzen dion omenaldirik beroena. Itsaso erreak itotako itsasertzean, haize izoztuak kiskaldurik diruditen lautadetan, lanbroak ezkutuan irudikatutako arroka zidorretan, hantxe, historiaren jolasean, aurkitzen dira lurpean antzina bateko euskal marinelak. Badia Gorriko babestokitzat hartu daitekeen irla batean. Gaixotuta, zahartuta, izoztuta… gorpua lurpean utzita itzuli ez zirenak ez dira gutxi. 140 euskaldunek hantxe diraute. Inguruan, balearen koipetik olioa lortzeko labe arrastoak asko dira. Euskal Herritik babestokiak eraikitzeko ekarritako teilak, urertzean pilatzen dira, badia gorrituz. Euskara ere presente da. XVI. mendean. Han bazen XVII. menderarte iraun zuen Mi’kmaq-tarren tribu indiar bat. Garai hartan Misel Joe Sagamaw buruzagiak, jakinaren gainean jarri zuen historia euskaldunak eta tribuak zituzten loturaz. Mi’kmaq-tarrei euskaraz zer moduz zeuden galdetu ezkero, “apaizac obeto” erantzuten omen zuten. Halaber, zenbait historia-ikerketak egiaztatu dute zenbait euskal baleontziek, etxera itzultzeko itsasoratu baino lehen, itsasmutilen bat utzi izan zutela han, Mi’kmaq-en artean bizi eta haien hizkuntza eta ohiturak ezagutu eta hurrengo kanpainan bitarteko-lanak egin zitzaten. Horra hor euskaldunen kolonizatzeko modu berezia; sarraskirik gabe, desagerketarik gabe, errespetuzko elkartrukean. Azkenean iritsi da etxera itzultzeko eguna. Hantxe geratuko dira urpean, lurpean eta lur azalean, hondoraturik eta zutik, euskal historiaren hainbat ikur eta irudi. Geurekin ordea bueltan dakargu haritz berriko txalupa, memoria berriztatuaz blai, sentimendu berriz betea, bale olio-kupelik gabe, bertan uzten dugunaz jabe garela, baina natura eta historiaren artean hitzarturiko aginduarekin. Zin egin diegu bertakoei, eta zin egin diegu geure buruei, noizbait naturak eta historiak duten orekak topo egiten duen lurraldera itzuliko garela. XVI. mendean bezala, Euskal Herrian eraikiko den galeoi batean, orainean, iraganera egingo dugula bidaia. Ur azaletik, haizearen laztanez, baleekin batera igerian, Ternua itzulera San Juan II.ean. Amaitzeko, eskerrak espedizioko kide guztiei, espedizioa egi bihurtu duzuen guztioi, Red Bay herriari, Albaola Elkartea eta Parcs Canada erakundeei eta nirekin batera espedizioa hurbiletik bizi izan duzuen guztioi. Azkenik, eztabaidan sartu gabe, indar eman nahi nioke guzti honekin ireki den ate berriari. Euskal Herriaren historiak bizi duen utzikeria aberasteko beharrezkotzat ikusten dudan aukera garbia dugu hau. Arnas berrituaren bultzadak sorturiko haize korronteek balio dezatela galeoiaren oihalak puztu eta berriz ere, beste modu batera, XVI. mendeko historia geureganatzeko.

 

© Albaola Elkartea by Wegetit