Albaola Elkartea

‘Apaizac Obeto’ espedizioa

Espedizioa Jon Maiaren eskutik

Ekaina 2006

 
 
 
1
2
3
4
5
6
7
8
9
10
11
12
13
14
15
16
17
18
19
20
21
22
23
24
25
26
27
28
29
30

Uztaila 2006

 
 
 
 
 
1
2
3
4
5
6
7
8
9
10
11
12
13
14
15
16
17
18
19
20
21
22
23
24
25
26
27
28
29
30
Itzuli

LAUGARREN KRONIKA: MI'KMAQTARRAK, AKADIARRAK ETA BELLE MARIA

2006-07-04

“Untçi batzuk salbaturic
itsasoa pasaturic
arribatu ternuarat
behar duten portutarat

Ternua da mortu hotça
eremu triste arrotça
laboratçen eç den lurra
neguan beti elurra”

XVII. mendearen hasieran, azal zuriko neskatxa bat Mi’kmaq buruzagi handi batekin ezkondu zen indiar erara, gaur egun Kanadako lurralderik turistikoenetakoa den Prince Edward deritzon uhartean. Emakume horri Belle Maria esaten zioten, bere edertasunarengatik. Belle Maria mi´kmaktarrekin bizi zela, berehala hartu zuen amerindiarren sendabelarren eta natur baliabideen ezagutza. Hainbat gaisotasun sendatzeko trebezia zuen. Tribuko gizonak arrantzara ateratzen zirenean, Belle Maria beraiekin joaten zen eta bere ahots eztiaz kantuan hasten zenean, arrainak erakartzen zituen mikmaktarren inguruotara. Bella Mariaren izena berehala inguruan zabaldu eta frantziar erregearen gudarosteen belarrietara heldu zen. Hauek emakume eder hark hartutako sona ezagututa eta atxikitzen zitzaizkion botereen berri izanik, preso atzeman eta Prince Edward’s uharteko hegoaldeko hondartza batean erre zuten. Mi’kmaktarren ahozko tradizioan zein euren liburu sakratu batean hiroglifikoen bidez kontatzen den istorioaren arabera, Belle Marie emakume euskalduna zen.

John Joe Shark Prince Edward uharteko Mi´kmaqtarren buruzagi espirituala da, eta ONU erakundearen eta Vatilkanoaren aurrean duten ordezkaria. Bere etxean hartu gaitu, eta etxea inguratzen duen zelai zabalean eraikitako wigwanera eraman gaitu bilera egiteko. Wiwanga ipar amerikako indiarren ohiko tipiaren mi’kmaq bertsioa da. Gainerako nazioek tipia oihalez egiten badute ere, mi`kmaqtarrek urki azalez egin izan dute beti. Handia da, dozena bat lagun etzanda hartzeko modukoa. Berak kontatu digu Belle Maria euskal neskatxaren istorioa, eta kondaira ala egia den galdetuta, egia dela dio. Ahozko literatur tradizioak berarekin duen zalantzaren muga horien artekoa izaten da beti, kondaira ala egia. Bietatik behar du piska bat.

Mi’kmaqtarrek euskaldunen nabigaziorako habileziaren berri badakitela esan digu. Bertako natiboekin batera, lanbro artean nabigatzen hobekien moldatzen zirenak omen, XV, XVI eta XVII. mendeko euskal marinel haiek.Garaiko dokumentuetan idatzita dago, mi’kmaqtarrek Beothukaren moduko euskal baleontzien txalupetan nabigatzen zutela. Euskaldunek bertan uzten zituzten sarri txalupok, baleuntziak Euskal Herriko portuetara balearen koipeaz erabat zamatuta itzuli ahal izateko. Champlainek XVII. mendeko bere esplorazioetako kronika batean dio nola Maineko (Estatu Batuak) kostalde aurrean begiztatu zituen mi’ikmaqtar batzuk "biscayensi" txalupa batean nabigatzen. Mi'kmaqtarrek atzerriko flotei lapurtutako galeoiak gidatzen jakin bazekitela esan digu, euskaldunei ikasita.

Gizon umoretsua da John Joe Shark, barre errazekoa. Apaizak Obeto, espedizioaren izenaren zergatia azalduta, indiarrei apaizek barregurea eragiten zietela esan digu, “emakumeak bezala jantzita, gona luze eta itxura xelebre horrekin eta ezin emakumeekin egon”. Bera ordea, Batikanoarekiko harremanetaz arduratzen da, eta geroxeago ikusiko dugunez, bere langelako argazki batean Joan Paulo II.rekin agertzen da.

Mi’kmaqtarrak berrogei mila inguru dira gaur egun eta Kanadako Gaspesi, New Bronswick, Prince Edward’s uhartea, Eskozia berria eta Ternuako lurraldetan bizi dira. Kjielagawit jainkoak "pudup"a, balea jarraitu zuen eta hark arnasa non botatzen zuen, leku hura hautatzen zuen mi´kmaken kokalekutzat, lekurik ederrenak hain zuzen ere. Hamar mila urte daramatzate lur hauetan eta duela ez askora arte herri ibiltaria izan da, urtaroen eta ehizaldien sasoien arabera mugitu izan dena. Nazioa dira, baina euren kontzeptua ez dago lurraldtasun egitura bati lotua. Kanoen herria ere esaten zaie. Gaur egun, biztanleriaren ehuneko hamabostak baino ez daki euren hizkuntza mintzatzen, zenbait lurraldetan eskoletan ikasten hasi badira ere. Ez, esaterako Kanadako administraziopean dagoen Ternuako erreserban. Aaronek, gure mi’kmaqak, ez du bere aitaren hizkuntza ikasteko aukerarik izan eskolan. Ternua osoan, bi mila laguneko herrixka batek baino ez du amerindiar izaeraren onespen ofiziala. Berrehun urtetan euskarak eta mi'kmaqerak bat egin zuten lur hauetan, pindgle hizkuntza bat sortu zen, bien arteko nahasketa bat, merkataritza harremanetarako. Mi'kmaqtarrek euskaraz egiten zieten hurbiltzen zitzaien azal zuriko orori "anaia", "adiskidia", "Oreina"...eta tankerako hitzak erabiliaz. Bitxia da gaur egun hori jakitea, mi'kmaquek europar guztiei euskaraz egiten zietela, gaur egun arriskuan gauden bi hizkuntza gutxitu garenak noizbait bat egin genuela, gure etorkizun latzaren susmorik ez genuenean... Joe Shark buruzagiari berari ere elkarrizketaren amaieran euskaldunei mi’kmakeraz hitz batzuk esateko eskatu diogunean, ezkutatzen saiatu den arren, lau hitz baino ez dakizkiela antzeman diogu. Haseran harrigarria iruditu zaigu, baina errazegi juzkatu aurretik, gurean zenbat buruzagirekin gertatzen den hori gogoratu gara.

Hau ez da Hollywood

Hollywoodek gure gizartean ezarri duen ipar amerikako indiarren irudi oro har nardagarri eta interesatuaren eraginez, beti pentsatu izan dugu indiarrek kolonoen buruko ilajea trofeotzat zutela. Ez da gezurra. Ordea, John Joe Shark buruzagiak azaldu digu, ingelesek ordaindu egiten zutela erahildako amerindiar bakoitzeko, eta nola ordainketarako frogatzat indiarren buruko ilea erabiltzen zen. Inork ikusi al du John Wayne indiarrei ileak mozten zoro bat bezala? Hara filmaren bertsio originala.

Gaur egun ere mi’kmaqek pairatzen dituzte erasoak, New Bronswicken esaterako, duela gutxi mi’kmak arrantzaleen bi ontzi erre dituzte, amerindiarrek gobernuarekin sinatutako diskriminazio positibozko neurriek gainerako arrantzaleengan eragindako haserrearen ondorioz. Jhon Joeri ere behin baino gehiagotan erre dizkiote etxe inguruan eraiki izan dituen indiar sinboloak. Montrealen izan ginenean ere jakin genuen kalean dabiltzan homeless asko bertako amerindiarrak direla. Kanadako zenbait eremutan mohawk gazteak, irokiarrak eta beste kalera ateratzen hasita omen daude, eskubide eske. Beste filme bat da, klasiko baten bertsio eguneratua...


Miscou, 12 metro ur gainean

Miscou (I 48º 00' 57'' - M 64º 31' 02'')) uhartearen inguru zabalean, itsasoaren sakonera hamabi-hamasei metrokoa da, (gurean ez dugu horrelakorik itsaso zabalean) horregatik izan da historikoki bakailau arrantzarako leku egokia. Alta, ur korronteek eta haizeak ur sakonera txiki horretan bat egiten ez dutenean, itsasoak urezko horma txikiak eraikitzen ditu, guretzat gaindiezinak. Atzera begira, XVII. mendean, Donibane Lohitzuneko ontzien testigantza dugu, han bertan ezarritako arrantza konpainia batean urtetan aritu zirenak. Berriz ere Champlainek kontatzen duenez, mende horretan frantsesek bertan arrantzan ari zen euskal galeoi bat preso hartu zuten inguru haietan. Frantziarrek kapitaina hilko zutela mehatxu eginda, euskal arrantzaleek nahi zutena egiteko erantzun omen zieten, berdin zitzailea eta, eskifaiko gazteena bera hautatuko zutela kapitain. Handik egun gutxira, kapitainak ihes egitea lortu eta ur hotz horietan igerika ondoko uharteraino iristea lortu zuen.

Miscoun bi egun lehenagorako genuen zita, baina eguraldiak eta itsasoaren egoerak utzi ez digunez, berandu heldu gara eta uharte osoa inguratzen duen hondartza zurian ez dago inor gure zain. Uhartea erabat laua da, ez da ezer ikusten hondartzaren metro eta erdi inguruko erliebearen atzean. Beothuk hondarretan baratu eta uretatik hondartzaratu gara. Birjina dirudi. Hondartza atzeko koskara igo eta atzean, espero ez dugun paisaia agertu zaigu: zuhaizti zabalak, han hemenka etxe koloretsuak eta laku txikiak. 10 milia korrontearen eta haizearen aurka arraunean arituta, hondar beroan lo kuluska egiteko asmoz etzan gara, baina hamar minutura jende andana inguratu zaigu. XVI. mendeko naufragoak genirudien, XXI. mendeko natiboz inguratuta. Jatekoak eta edatekoak kiloka ekarri dizkigute euren etxetatik eta han ez dago jada gorputzari joaten uztea baino. Uharte hegoaldeko porturaino joan gara handik eta han jende andana izan dugu gure zain, txaloka hartu gaituzte.

Atoian

Bidai honetan zehar Kanadako bost itsas lurraldeak ukituko ditugu, atzean utzi dItugun Quebec,Gaspesì eta New Bronswick, eta laster ezagutuko ditugun Eskozia Berria, Ternua eta Labrador, garai bateko Nouvell Biscayeko lurraldea. Ordea, aspaldian ez gabiltza oso zorte oneko haizeari dagokionez eta bere laguntzarik gabe ez dago aurrera egiterik San Lorenzoko golkoko korronte eta olatuen aurka. Ez daukagu haizearen itxaronalditarako denborarik, erlojuaren aurkako lasterketan gaude jadanik. Txalupa Montrealera bost egun berandu iritsi izanak eta Saint Jean Port Jolin bost egunetan atera gabe egon behar izanak erabat murriztu digu aurreikusitako egun galduen tartea. Gure espedizioak amaiera egun eta portu jakina du: uztailaren hamabosta, Red Bay. Alegia, espedizioa ez dago helmugara iristeko behar besteko denbora hartzeko pentsatua. Gailurra egin beharra dago, baina bideak du garrantzia. Horrek guztiak eraman gaitu Gaspesitik Prince Edward’serako jauzia atoian egitera. Alegia,Beothuk Potxolori, gure laguntza zodiacari sokatik lotuta nabigatzera. Ez da erabaki erraza izan, baina ez dago beste modurik bisitatu nahi ditugun leku guztiak bisitatuz ailegatu nahi badugu. Atoian joatea ez da pentsa litekeen bezain atsegina, hain zuzen ere itsasoak laguntzen ez duelako hartutako neurria baita. Horrek esan nahi du olatuen aurka ohikoa dena baino abiadura handiagoan joatea, txalupa barnean kokoriko, barrura sartzen diren olatu adatsek blaituta, ontzi errari antzera. Baleak arpoiaren sokatik txalupari tiratzeak zuen epikarik gabe, ordea.Bi nabigazio egun egin ditugu atoian, bata hamalau ordukoa eta bestea seikoa. Horrela heldu gara Miscoutik Prince Edward uharte handira. Tartean, Lennox Island, uharte handiaren barruan dagoen uharte txikietako bat ezagutzeko plazera izan dugu.

Lennox Island (I 46º 37' 41'' - M 63 52' 22'')

Sarrera bitxia izan da, harrigarria. Inork ez genuen horrelakorik ikusi: Itsasotik, hondar zuriko hondartza luzeak zabalera estuko berezko irekidura bat du, sarrera bat, uharte txikirantz. Barrura sartu gara eta, ezker eskubi, itsas beherak azaleratutako hondar gune isolatuen eta padura berdeen artean goaz, sakonera eskaseko ur labirintoan barrena, itsas ur eta belar mosaiko fantasiazkoan. Itsasoak badaki ez zaiola zilegi arratsalde hontako edertasun hauskorra haustea eta olatutxo adats kizkur zuritxoak baino ez ditu bidaltzen, hondar guneetara jolastera. Labirintoetan dotorezia tentean pasiatuz, hegazti lepamehe eta hankaluzeak hara eta hona dabiltza, pauso jasoan, kontuz-kontuz, lepoa eta hankak mugimendu akonpasatuan. Atzerago, uhartearen ur ertzeraino iristen da pinudi baso itxia, tartean oraindik erortzera etsi ez duten zuhaitz enbor idor eta zuriak. Ez dago Renoirik ez Monetik itsasbehera hori asma lezakeenik.

Egun luzearen ondoren, liluratuta goaz Beothuk eta zazpiok, baina itsasbeherak ez digu utzi Lennoxerako bidea hartzen eta Milligan's worfera eraman gaitu, basoaren aurreko arrantza portu txikira. Dozena bat arrantzontzi daude amarratuta eta egurrezko etxola artean, Gaspesitik ona arrantza nagusia den crave, karramarroa eta homar, mixera arrantzarako otar piloak. Kosta osoa, koloretako boia baratza miliak eta miliak daude. Milliganseko arrantzale kantinatxoko gizonak gonbidatutako te bat hartzen ezagutu dugu Sheila, mi'kmaq arrantzale emakumea eta Lennoxera eramateko eskaini zaigu. Inguruan nagusi den lur gorriko bide batetik iritsi gara Lennox Islandera, Mi'ikmaq erreserbara. Iritsi garenean kaleko umeak izan dira topatu ditugun lehenak. Eta eltxoak, berehala gainera botatzen zaizkigun eltxo kamikaze tropelak. Herrixkan ez dago azpiegitura handirik, telefono publikorik, plazarik, asfaltorik... Mi’kmaqtarren museo txiki bat dute eta astean mi’kmaqera ordu batzuk hartzen dituzten eskola bat ere. Bestela, denak ingelesez mintzo dira. Mi’kmaqtarrak hamar mila urte baino gehiago daramatzate inguru hauetan bizitzen eta gaur egun, garai batean bezala, arrantzatik bizi dira gehienbat, bai eta gobernutik jasotzen dituzten diru laguntzetatik ere. Herrixka honetan 400 lagun baino ez dira. Natur ingurunea ordea, ikusgarria da, orain arte ezagutu dugun lekurik ederrenetarikoa. Ilunabarrean afaltzen eman digute eta gaztetxoek dantzak eta perkusio doinuekin emanaldi bat egin dute guretzat, oso polita. Gogoa genuen jadanik mi'kmaqtarrekin batzeko, ezagutzeko...Eta herrixka txiro honetan, orain arte aurkitu ez genuen kultur aberastasunarkin egin dugu topo.

Akadiarrak, herri ibiltaria

Ingeles hiztunen probintzietara hurbiltzen ari bagara ere, jadanik Miscoun, jendea akadiarra da, gehienak frantses hiztunak. Eta akadiarrek merezi dituzte lau hitz, bederen. Ez nuen inoiz haien berririk izan, Prince Edwarden bere etxean hartu gaituen Michel Bujold itsas arkeologian adituak eman dizkigu azalpenak. Michel Bujold San Juan galeoiaren berreskuratze lanetan ibili zen urpekari, Red Bayko badian. Beothuken amaren urpeko argazki ederrak erakutsi dizkigu.
Akadiak Lur ederra esan nahi du. XVII. mendean Frantziatik bizimodu hobe baten bila lur eder hauetara etorritako frantsesak dira akadiarren lehenengo belaunaldiak. Kostaldean, arrantzan eta marea biziek bistan uzten dituzten lur emankorrek emandako aukeretaz baliatuz bizi izan ziren ia bi mendetan, bertakoekin armonian, ingelesak iritsi ziren arte. Koroa ingelesak lur hauetaz jabetu nahi izan zuenean, akadiarren aurkako gudari ekin zion, lur hauen jabetza lortu zuen arte. Akadiarren aldeko bandoan ezarri ziren bertako amerindiarrak eta ingelesenean aldiz, beste europar herrialde batzutako jendea. Akadia ingelesen koroaren menpe jauzteak frantseseraren eta erlijio katolikoaren zapalkuntza ekarri zuen. Frantziara deportatuak izan ziren akadiar asko, bai eta Nouvel Escossira eta Estatu Batuetako Ingalaterra Berrira ere, esaterako. Akadiarrek osatzen zuten ehun mila lagun inguruko komunitatea ezabatzea zen kontua eta jazarpen politika genozidari ekin zioten ingelesek. Baina akadiarrak ehun eta berrogeitamar urteren ondoren Frantziara itzuli zirenean, amak seme-alabak ukatu zituen, jada beranduegi zen etxera itzultzeko, jada beste herri bat ziren. Beste lur batzuetara sakabanatu zituzten, esaterako Quebecera edo Estatu Batuetako Loussiana. orduko frantses koloniara. Akadiar asko mi’kmaq lurretan errefuxiatu ziren, aurretiko adiskidetasunaren harian.
1763an Pariseko ituna sinatu zen, bi aldeen arteko bakea, Frantziar eta Ingeles gortearen artekoa. Akadiarrek eurek, ordea, ez zuten parterik izan itunean. Akadiarrak Bronswick Berriako, Eskozia Berriko, Prince Edwardeko beren lurretara itzuli zirenean, beraien lurren jabe berriak ziren ingelesen morroi hasi behar izan zuten lanean. Itunak ez zien beren lurren jabetza itzultzen. Horrelako bake itunek ez dute zikiratutako kulturarik eta hizkuntzarik berpizten ere. Ez eta kontzientziarik astintzen: mende eta erdi geroago deportazio agiriak indarrean jarraitzen du lur hauetan, eta Ingalaterrako erreginak ez du oraino barkamenik eskatu nahi izan. Michel Bujoldek dioenez, oraindik bigarren mailako biztanleak dira beren lurraldean. Frantziar hizkuntza ere halaxe omen da, ofiziala bada ere. Duela urte gutxira arte, abizen frantzesak ingelestu izan ditu jendeak, erraztasun handiagoz bizi ahal izateko. Alta, bere kultura sendo sustraitua duen herria da akadiarra.. Gaur egun, bi komunitateen arteko elkarbizitzan arazorik ez badago ere, Akadiarrena herri ibiltari baten istoria da, beraien lurraldetan atseden hartzen duten antzarren atzetik bailhoaz bezala.

Prince Edward-en Beothuk hiru egunez egon da North Rustico’s Harboureko (I 46º 27’ 30’’ – M 63º 17’ 32’’) portutxo txiki ederrean. Han Methilda Kncockwood-Snachek, mi`kmaq kulturaren interpretaria den emakume alaiak beren kulturako errito bat egin digu, guri eta txalupari, haize ona izan dezagun gure bidaian. Portutxoan,ilargiari egin dio otoitz, haren mendeko urari, arrano jainkoari... eta perkusio hotsen erritmora, haien bila doan mi'kmaq kantu zahar bat aireratu du, denboran galdutako Belle Maria, euskal neskatxaren kantuaren bila doana, akadiarren kantu galduaren bila, bi mila eta seiko udararen lehen egunetan.

Jon Maia

 

© Albaola Elkartea by Wegetit