Albaola Elkartea

‘Apaizac Obeto’ Espedizioa, Canada 2006

Proiektua

Ondarea berreskuratzea

Ezaguera eskuratzeko biderik zuzenena eta errazena esperientziarena da. Marinel haien balea-odisearen jokalekua bertan ezagutuz gero, natura-ingurunearekin zer harreman zuten ulertuko dugu. Itsaslasterrak, aldeko eta kontrako haizeak, ingurunearen gordintasuna eta emankortasuna aurkituko ditugu, eta gu bizi garen portu beretik itsasoratu ziren baleazale haien sentimenduei eta sentipenei hurbilduz bidaiatuko dugu.

Euskal baleazaleen kokalekuen indusketa arkeologikoak xehetasunez ezagutuko ditugu, eta gure ondarea –eta, beraz, gizadiarena– kontserbatzeko eta kudeatzeko ardura dutenekin harremanak izango ditugu.

Giza helburuak

Kanadako gobernuko zientzialariekin hasitako harremana sendotzeaz gain, euskaldunekin harmonian bizi izan ziren kultura indigenen berri izateko asmoa dugu, haiek ohoratzeko modurik egokiena dela uste bait dugu.

Hezkuntza- eta hizkuntza-helburuak

Bidaian, euskararen eta mi’kmaq hizkuntzaren artean antzina zeuden hizkuntz harremanak berdindu nahi ditugu. Misel Joe Sagamaw buruzagiak jakinarazi zigun bere tribuak, ahozko transmisioari esker, euskararen berri izan zuela, XVIII. mendera arte. Halaber, zenbait historia-ikerketak egiaztatu dute zenbait euskal baleontziek, etxera itzultzeko itsasoratu baino lehen, itsasmutilen bat utzi izan zutela han, Mi’kmaq-en artean bizi eta haien hizkuntza eta ohiturak ezagutu eta hurrengo kanpainan bitarteko-lanak egin zitzaten. Hori dela-eta, espedizioa laborategi bat ere izango da, euskarak eta mi’kmaq hizkuntzak berriz ere harremanetan jartzeko.

Bestalde, Albaolak harreman estua du Pasaia-Lezo Lizeoarekin. Une honetan, aztertzen ari gara zer aukera dauden Lizeoaren eta Conne River erreserbako eskolaren artean hezkuntza-lankidetza izateko. Erreserba horretan, mi’kmaq hizkuntza normalizatzearen alde dihardute; izan ere, XVIII. mendean beherakada nabarmena izan zuen.

Zabalkundea

‘Ezagutu, maitatzeko’

Guk ere gure itsas kultura normalizatu behar dugu. Horretarako, ezaguera zabaltzea funtsezkoa da. Hori dela-eta, espedizioan argazkiak atera eta ikus-entzunezkoak filmatuko dira, baliabide profesionalak erabiliz. Gure asmoa liburu bat eta dokumental bat egitea da, XVI. mendeko euskal baleazaleen historia zehatza erakusteko.

Gainera, espedizionarioen artean, Jon Maia bertsolari, musikari eta idazlea izango da. Jon Maiak espedizioaren kronikak idatziko ditu eta, aldi berean, Mi’kmaq nazioaren ahozko tradizioa aztertuko du.

Kanadako komunikabideen artean Euskal Herriari buruzko ezagutza areagotzeko zabaltze-kanpaina bat ere egingo dugu. Red Bayko euskal baleazaleen museoak lagunduko gaitu zeregin horretan.

© Albaola Elkartea by Wegetit