Albaola Elkartea

‘Apaizac Obeto’ Espedizioa, Canada 2006

Proiektua

Kanadako gobernuko ikertzaileek azken hamarkadetan XVI. mendeko euskal balezale eta bakailao arrantzaleen aztarna arkeologikoei buruz egindako lanak agerian utzi du Euskal Herriko itsas historiaren gertaera garrantzitsuenetako bat. Lan horren eraginez, nazioarteko itsas historia ere berridazten ari da, eta Euskal Herriko itsasontzi-teknologia garai hartako mailarik altuenean zegoela ondorioztatu da.

Hala ere, aparteko iragan horretaz ezer gutxi dakigu Euskal Herrian bertan, dibulgazio-lanak oso urriak izan baitira. Albaolan badakigu kultura-hutsune hori betetzeko premia larria dugula. Horretarako, itsasontziak berreskuratzeko aipatutako proiektua garatzeaz gain, Euskal Herriko itsas iraganarekin loturiko Kanadako kultura-agenteekin harremanetan jarri gara.

Gainera, Mundu Berria eta Mundu Zaharra elkarri hurbiltzeko, iragan komunean oinarritutako zenbait jarduera egitea proposatzen dugu. Horretarako, Albaolak espedizio bat prestatu du, Pasaiako Ontziolan egin den eta euskal baleazaleen museoan ikusgai dagoen XVI. mendeko txaluparen erreplikan joateko. Espedizio hori ekainaren 5ean abiatuko da eta, sei astean, arraunen eta belen bidez bakarrik nabigatuko dute. Espedizioaren xedea Kanadako arkeologoek ikertu duten – edo ikertzen ari diren– XVI. mendeko euskal bale- eta bakailuzaleen dozena bat kokaleku baino gehiagora joatea da. Halaber, euskal baleazale eta bakailao arrantzaleekin harremanak zituzten indigenen tribuak ere bisitatuko dituzte, berezko kulturak eta ahozko tradizioaren berri izateko.

© Albaola Elkartea by Wegetit