Albaolaren helburu nagusia euskaldunek antzina erabilitako ontzien erreplikak egitea eta tripulatzea da. Pasaiako Ontziola izeneko ontziolan egiten dira erreplika horiek, jendaurrean. Hala ere, ontziak egitea oso garrantzitsua izan arren, elkartearen jarduerak ez dira horretara mugatzen. Ontzi bat egiten hasi aurretik, ezinbestekoa da horri buruzko ikerketa-prozesua egitea, ontzi horietako askori buruz dugun ezagutza oso mugatua baita.
Horrez gain, Ontziolan egindako erreplikak itsasoratzeko sortzen dira, ez bitrina batean gordetzeko. Itsasora atera behar dira, eta, horren bidez, bi helburu lortzen ditugu: garai bateko marinelek erabiltzen zituzten teknikak ikastea eta ezagutza hori gizarteari helaraztea.
Espedizioetan, ontziak probatzen ditugu, baina baita geure burua ere, itsasoak ematen duen abentura-aukera berezi horren bila baikabiltza.
Itsas kulturen arteko topaketetan eta antolatzen ditugun ekitaldietan, gure itsas ondarearen berri izateko aukera ematen diogu publikoari, eta, aldi berean, guk geuk beste itsas kultura batzuk ezagutzen ditugu.
Ezin omen da maitatu ezagutzen ez dena. Itsasoa, gure ibaiak eta itsasoko eta ibaietako ekosistemak ezagutu ditugu guk, eta horrek sentsibilizazioko ingurumen-ekimenak garatzera bultzatu gaitu, ingurunea babesten laguntzeko; izan ere, azken batean, ingurune horren zati gara gu guztiok ere.
© Albaola Elkartea by Wegetit