ALBAOLA

Pasaia (San Pedro)

UNESCO-ren babesa

San Juan baleontzia, UNESCOren babespean

Itsasontzirik osoena

Parks Canadako arkeologoek 1978. urteko udan Kanadako kostaldeko Red Bayen itsasontzi baten saskarra urpean aurkitu berri zutenean ez ziren berehala jabetu zein egoera onean zegoen; saskarra estaltzen zuen lohi eta hondarra kentzerakoan, ordurarte topatutako 16. mendeko itsasontzirik osoena zela konturatzen joan ziren. Garrantzi handia zuen horrek; 16. mendean itsasontzien planorik ez ziren marrazten eta, beraz, orduko ontzigintzari buruzko ezagutza oso eskasa zen.

Ikerkuntza eredugarria

Aurkikuntzaren garrantziaz jabetuta arkeologo kanadiarrek, Robert Grenier buru zutela, ordurarte egindako ikerketarik zorrotzena egin zuten; ia 30 urte pasa dituzte ikerketetan, haietako lehen zortziak ur izoztu haietan murgilduta, ikerkuntza-lan eredugarria betez. Horri esker euskal itsasontzi batek, San Juan baleontziak, Europako ontzigintzaren historia berridaztera behartu du.

Erreplikaren eraikuntza

Orain dela bost mendeetako ontzigintza berriro praktikan jartzea erronka tekniko handia da; lan-prozedurak, langaien ezaugarriak eta dimentsioak edota piezen arteko loturak ez dira gaurdaino iritsi zaizkigunak bezalakoak. Teknologia guzti hori praktikan jartzea garai haietako ontzigileen arazo berberekin topo egiteko eta soluzio-bide berberak aurkitzeko modua da.

UNESCOren babesa

San Juanaren inguruan hainbeste jendearen lanaren kalitateak sari berezia jaso du joan den 2015. urtean; UNESCOk bere babesa eman dio San Juan baleontziari. Horrek esan nahi du Faktorian eraikitzen ari den San Juan baleontzia itsas ondarearen arloan goi-mailako lana dela; hori azaltzeko, hemendik aurrera UNESCOren urpeko ondarearen babesaren aldeko logoa erabili dezake Albaolak:

 

2001. urtean UNESCOk Urpeko Ondarearen Konbentzioa sortu zuen. Ordutik hona, Konbentzioak erregularki bilkurak egiten ditu; Albaolak San Juanaren egitasmoa 2014. urteko bilkuran aurkeztu zuen, eta bere babeserako eskaera luzatu zuen. Handik gutxira UNESCOko zuzendari nagusia den Irina Bokovak gutun baten bidez akreditazioa ematearen berri pozgarria eman zion Albaolari. 

Eraikuntza prozesuaren irudi gehiago hemen