ALBAOLA

Pasaia (San Pedro)

Txopa motza

Prefabrikatutako estruktura itzela

San Juanaren eraikuntzan emango den urrats hau berebiziko garrantzia du; 16. mendean euskal itsasontzi batean jartzen zen elementu prefabrikaturik handiena txopa motza zen. Lau metro zabal eta ia sei metro luze duen estruktura ikaragarri honek sekulako sendotasuna izan behar zuen Atlantikoaren olatuen talka jasateko. Erdian goitik behera duen egur itzela korasta du izena; etorkizun laburrean bertan jarriko dira lemari eusten dioten burdinak.

Korastaren beheko muturra gila, orpoa eta zapata osatzen duten multzoari lotzen zaio; izan ere, orpoa eta zapataren artean sartzen da. Bertan 30 cm-tako iltze lodiek eta metro erdiko buloiek elkarlotzen dituzte pieza guztiak.

Ontzigintzaren bilakaeran urratsa

San Juan baleontziaren garaian arrunta zen itsasontziek txopa motza izatea; ehun urte aurrerago, ordea, berrikuntza ziren. 15. mendeko erdialderarte, ontziaren aurrea eta atzea nahiko antzekoak ziren: aurrekaldean ontziaren oholak brankan iltzekatzen ziren eta atzekaldean korastan; alde bakarra zera zen, branka okerra zela eta korasta zuzena.

Txopan azalera plano bat eginez, bi onura lortu zituzten ontzigileek: eraikuntza bera errazten zen, eta itsasontziaren barne-bolumena handitzen zen. Txopa motza izateak abantaila handia zen zama handiak garraiatzeko Atlantikoa zeharkatu behar zuten euskal itsasontzientzat.

Txopa motza jartzea

16. mendeko San Juana eraiki zenean, txopa motza altxatzeko eta bere kokapenean jartzeko zurezko garabiekin, sokaz eta txirrikaz osatutako aparejuekin eta gizon nahiz idien indarrarekin kontatzen zuten; erronka handiegia da guretzat oraingoz, eta guk garabi moderno bat erabiliko dugu. Lehen nola egingo zuten imajinatzen hasita, garai haietako langile eta teknikariengatik dugun miresmena biderkatzen da.

Eraikuntza prozesuaren irudi gehiago hemen