ALBAOLA

Pasaia (San Pedro)

San Juan Sarea

Zorroztasun zientifikoa helburu

Parcs Canadak egindako lan zientifiko sakonari esker baleontziaren azterketen plano zehatzak eta eraikuntza teknika zein materialei buruzko informazioa lortu ditu Albaolak. Informazio iturri honi urtetan lortutako gaitasun teknikoa eta formakuntza gehituko dio Albaolak erabateko berme zientifikoa izango duen erreplika historikoa egiteko.

Erreplikaren eraikuntza Parcs Canada agentziak garatutako lan ereduan oinarritzen da, eta Albaolak jarraipena eman nahi dio, gorentasun zientifikoa bere eginaz, planoen erabilpen zehatza gauzatuz eta jatorrizko material zein teknikak berreskuratuz.

San Juan baleontziaren erreplikaren eraikuntza laborategi zientifiko bat da, bertan esperientziaren eta jardueraren bidez ezagutuko dugu  garaiko teknologia nola zen eta orduko lan egiteko modua. Aldi berean, eraikuntzaren fase guztiak dokumentatuko dira, aurrekaririk gabeko lan honen ondorioak ere jasota gera daitezen. Eraikuntzaren helburua ez da soilik XVI. mendeko itsasontzia egitea, eraikuntza prozesua ere irakasbide izatea baizik.

Jatorrizko materialak eta teknikak

Parcs Canadaren ikerkuntzaren ondorioei jarraiki erreplikaren eraikuntza jatorrizko lehengaiak errespetatuz burutuko da, eta lanketa ere jatorrizkoaren ahalik eta fidelena izango da.

28 metro luze, 7,5 zabal eta 6 metro puntal dituen 3 kubiertako itsasontzi honek bere baitan ia 15 metro luzeko pagozko gila, egitura forma bereziak dituzten hautatutako 200 haritz, masta eta bergak egiteko 20 izei eta kalamuz egindako 560 metro karratu oihal eta 6 kilometro soka ditu besteak beste.

Hornitzaile eta kolaboratzaileak

San Juan baleontziaren eraikuntza talde-proiektu kolaboratiboa bihurtu dadin San Juan Sarea sortu da.

San Juan proiektuarekin zerikusia duten erakunde publiko eta pribatuen zein eragile eta ekipamendu kulturalen arteko lankidetzarako sare berri bat da hau.

Kolaboratzaile hauetako asko museo edo ekipamendu kultural bisitagarriak dira eta hauek ezagutzea gomendatzen dizugu, San Juan baleontziaren erreplikaren eraikuntzarekin zerikusia duten gaiak jorratzen baitituzte.