ALBAOLA

Pasaia (San Pedro)

Erdiko armazoiak

San Juanaren gilaren gainean, erdian, jartzen dira hamalau armazoi, ontziaren gerria osatuz. Armazoi bakoitza barenga batez eta aldeetako bi jenolez osatuta dago. Barenga eta jenolen arteko lotura oso sendoa da; mirubuztanezko lotura dute, 30 cm-tako iltzez eta haritzezko bi zipotzez lagunduta. Handienak zazpi metro pasatxo neurtzen du aldez alde eta ia 800 kg pisatzen du; armazoi nagusia deitzen zaio.

armazoia

Armazoi nagusia

Esan genezake armazoi nagusia itsasontziaren esanguratsuena dela; ontziaren gehienezko zabalera (erruna esaten zaio) adierazten du. Kasu honetan, barenga nagusiari mutur bakoitzean jenol bakarra lotu beharrean bi jenol lotzen zaizkio.

Armazoi nagusia itsasontziaren erruna edo zabalerarekin oso lotuta dago; neurri hori zen 16. mendeko ontzigileentzako baleontziaren proportzio guztiak baldintzatzen zituenak. Ontziak planorik edo beste irudikapen grafikorik gabe eraikitzen zirenez, ontzigile maisuak gordetzen zituen ontziaren proportzio guztiak buruan: gilaren luzera errunaren bikoitza zen, itsasontziaren luzera osoa hirukoitza, goiko kubiertarainoko altuera hiru laurden, eta abar. Maisu bakoitzak aldaketa txikiak egiten zizkien arau hauei, baina erreferentzia erruna zen beti. Horregatik da hain garrantzitsua armazoi nagusia ongi trazatzea eta egitea.

Armazoi guztiak nagusiaren arabera zenbatzen dira, nagusia zero delarik; itsasontziaren aurrekaldera beste sei armazoi daude (batetik seira zenbatuta) eta atzekaldera, berriz, zazpi (minus batetik minus zazpira).

armazoia

Erdiko armazoien instalakuntza

Armazoiak gilaren gainean jartzen dira, batetik bestera arrabeteko tartearekin gutxi gorabehera. Kokapena eta alineazioa ongi zaintzea da garrantzitsua. Gero gilari josten zaizkio, kanpotik sartutako iltzez eta zurezko ziriz.

armazoi nagusia

Eraikuntza prozesuaren irudi gehiago hemen