ALBAOLA

Pasaia (San Pedro)

Mokoa

Azken hilabeteotan San Juan baleontziaren mokoa eraikitzeari ekin zaio. Itsasontziaren brankatik luzatzen den ontzi-mutur sendo bat da mokoa, eta erabilera ugari ditu: botaloitik eskegitzen den aurreko belarekin lan egiteko balio du, eta baita ere aingurak jasotzearen azken fasean lanerako plataforma bezala. Bestalde botaloia mokoari amarratzen zaio, trinketearen estaiek egiten duten tentsioari eutsi dezaion. Borroka garaietan ere baliagarria zen mokoa, besteen itsasontziak abordatzeko eta, guzti hori gutxi balitz, itsasontziko komun bakarra zen baita ere, une lasaiagoetan noski.

San Juanaren mokoaren eraikuntza gorbatoi bat brankan sendoki lotuz hasi zen eta, ondoren, haren gainean haga sendo bat jarri zen; horren atzeko muturra brankaburuan ajustatua dago eta aurrekoa, lau bat metro aurrerago, pixka bat gorago geratzen da. Habeek, gorbatoiek eta zintoiek osatzen dute mokoaren estruktura, oholekin batera.

Mokoaren aurreko muturrak arku eta gezi baten itxura du; horretan bakarrik utzi zioten jatorrizko San Juanaren eraikitzaileek tartetxo bat fantasiari. Urteak joan eta mendeak etorri, itsasontzietako pieza dekoratibo hori brankako maskaroia bilakatuko zen, konplexutasun handia hartuko zuen benetako eskultura.

Datozen asteotan mokoaren karela jarriko da, gaineko eskuzale edo errematea egiten duena; muturretik atzerantz zuzen abiatuko da eta gero goruntz okertzen joango da, gazteluaren gaineko karelarekin bat eginez.