SAN JUAN BALEONTZIA

Ikerkuntza prozesua

Aurkikuntza

Toponimia, garaiko agiri eta ahozko tradizioari esker iritsi zaigu batez ere Kanadara heldu ziren lehen balea ehiztarien berri. Shelma Huxley-k Oñati, Burgos edo Valladolideko artxiboetan aurkitutako zantzuak eman zioten San Juan izeneko baleontziaren bilaketari hasiera.

1978an aurkitu zuten itsasontzia, Red Bay herritik gertu, hamar metroko sakoneran harri eta sendimentu geruza lodi batez estalia, Parcs Canadako arkeologoen ikerkuntza lanari esker. Are handiagoa izan zen aurkikuntzaren harridura egurraren kontserbazio ona ikusi zutenean, hainbeste mende eta gero.

Urpekari bat itsasontzia aztertzen, uraren tenperatura baxua dela eta ur beroa ematen dion hodi bati konektatua.

Indusketa lana

Robert Grenierren zuzendaritzapean, sei urte iraun zuen ordurarte aurrekaririk ez zuen urpeko indusketa arkeologikoak. Bertan itsasontziaren egitura, zama eta marinelek erabilitako objetuez gain San Juanaren azpian hondoratu zen balea-txalupa bat ere aurkitu zuten, eta hau dena piezaz pieza atera eta erregistratu zen.

Uraren tenperatura baxuari esker eta egituraren zati handi bat oxigenorik gabeko inguru batean egotearen ondorioz, itsasontzia oso egoera onean mantendu zen. Zura eta tartean soka zatiren bat ere egoera bikainean kontserbatu ziren, gerora gainontzeko hainbat indusketa prozesurentzat eredu bihurtu den ikerketa bihurtuz.

Ia 30 urte behar izan dira indusketa honetan lortutako informazio guztia aztertu eta osatu ahal izateko. Jatorrizko materialak eta egurra lantzeko erabilitako tresneria ikertu ziren, maketak egin ziren, eta horrez gain baleontziaren azpian aurkitutako balea-txaluparen piezak osatu ondoren, berau erakusketa batean ezarri zen. Aurkitutako baleontziaren kontserbazioa ahalbideratzeko itsasontziaren piezak ur azpian utzi ziren, babestuta, eta zaintzapean.

San Juan itsasontziaren indusketa erakusten duen ilustrazioa.

Red Bay-ko aztarna arkeologikoak eta museoa

Ikerkuntza aintzindari honi jarraiki antzekotasun handiko ezaugarriak dituzten aurkikuntzak egin ziren Red Bay inguruan: tipologia bereko itsasontziak, balea gantza urtzeko labe gehiago, eta baita kanpainan hildako marinelak ehorzten ziren hilerri bat ere.

Ondare hau jendarteratuko zuen informazio eta objetuak erakusteko museo bat egitea erabaki zen Red Bayn, goren mailako museoa delarik gai honi dagokionez.

“Red Bay National Historic Site” museoan ikusgai dagoen balea-txalupa.

Mundu mailako onespena

2013an Reb Bay-ko itsas-arkeologia multzoa UNESCO-ren Gizateriaren Ondare izendatu da, eta Albaolak ikerkuntza honen lekukoa hartu du itsasontzi esanguratsu hau berpizteko.