ALBAOLA

Pasaia (San Pedro)

Haritzen hautaketa eta botatzea

Haritza da San Juan baleontziaren osagai nagusia; baleontzia eraikitzeko gutxienez berrehun haritz dira beharrezkoak. Horietako erdiak haritz tantaiak izan behar dute (hau da, zuzenak) eta beste erdiak haritz makurrak (edo okerrak); tantaiak etxegintzan eta haltzarigintzan erabiltzen dira gaur egun, baina makurrak suegurrerako besterik ez dira erabiltzen. Bitxia baldin bada ere, gaur egun suegurrarako besterik balio ez duten zuhaitz horiek euskal ontzioletan zurezko azken arrantzontziak eraiki ziren arte estimazio handia zuten, haien forma bihurriak ontzigintzarako piezak egiteko ezinbestekoak zirelako.

sakana robles san juan museum

Hautaketa

Sakanako basoetatik atera dira San Juan baleontzia eraikitzeko haritzak; Quercus generoko hiru espezie moztu dira San Juan baleontzia eraikitzeko: Quercus robur, Quercus petraea eta Quercus pubescens.

Nafarroako Gobernuko basozainen gidaritzapean eta zegokion udalerri bakoitzeko algoazilak lagunduta egin da hautaketa. Haien profesionaltasuna eta ezagutza oso lagungarriak izan dira mendian pasatako egun luzeetan.

Haritz tantaiak adar gutxikoak eta enbor luzekoak dira; oholak, habeak eta zuzenak diren beste pieza asko egiteko erabiltzen dira.

Haritz makurrak, berriz, itsasontzien estrukturaren hezurdurarako (barengak, genolak eta antzeko beste pieza asko) ezinbestekoak dira; zuraren hariak piezaren forma jarraitu behar du, horiek erresistentzia handia izan dezaten. Beraz, plantilekin basora joan behar dugu haritz makurrak aukeratzeko. Hauek topatzea lan handia da, forma oso espezifikoak direlako, eta tamaina handikoak erebai.

sakana robles san juan museum

Basozainak haritz bat hautatzeko onespena ematen badu, altzairuzko zigilua duen aizkora berezi batez zuhaitzaren orpoa markatzen du; pinturaz ere markatzen da, basoan urrundik ikusi ahal izateko. Ondoren haritza kubikatzen da, hau da, eman dezakeen egur-bolumena kalkulatzen da.

sakana robles san juan museum

Botatzea

Euskal basogintzaren tradizioari so eginda aukeratu dira Sakanako haritzak botatzeko egunak: neguko ilbeheran beti. Aurrenetik hautatutako haritzak basoan bilatu eta botatzen dira, baina ez nolanahi; haritz eder bat alferrik galdu daiteke gaizki botatzeagatik.

Hala ere, zuhaitz guztiak ez dira probetxuzkoak. Mendian dauden haritz makur askok ez daude erabat osasuntsu; bota ondoren konturatu izan gara batzuk barrutik ustelak edo hutsak daudela, nahiz eta kanpotik itxura ederra izan.

sakana robles san juan museum

Eraikuntza prozesuaren irudi gehiago hemen