ALBAOLA

Pasaia (San Pedro)

Gila

Hasi da San Juanaren eraikuntza Albaola Itsas Kultur Faktorian; itsasontziaren gila eraikuntza-lekuan jarrita dago. Itsasontzi baten piezarik luzeenetarikoa izaten da gila; ontziaren bizkarrezurra da, eta hezurdura guztia gilaren gainean oinarritzen da. San Juan baleontziaren gilak 14,20 m neurtzen du, eta jatorrizko enborrak 8 tonelada pisatzen zuen landu baino lehenago.

quilla nao san juan museum

Edozein itsasontziren gila ezartzea mugarri bat da beti; baita ere San Juanaren kasuan. Egia da dagoeneko urrats batzuk eman direla San Juanaren eraikuntzan, baina oraintxe da ontzia gure begien aurrean materializatzen hasten denean; hemendik aurrera eraikuntza-prozesua nolakoa izango den imajinatzea errazagoa izango da.

Gilaren forma bitxia

San Juanaren ezaugarri guztietatik bereziki gilak sortzen du harridura adituen artean. Itsasontzi gehienen gila sekzio laukizuzeneko habe lodi bat izaten da. San Juan baleontziarena, neurri batean, hustutako enbor batez egindako kanoa bat dirudi; erdian T formako sekzioa du eta muturren aldera Yren itxura hartzen joaten da. Itxura bitxi horrek bat egiten du gainean jarriko zaien barengen angeluekin; orain dela bost mende San Juanaren gila lantzen aritu ziren ontzigileak maisutasunez aritu ziren, eta bukatutako ontziaren urpeko formak nolakoak izan behar zuten zehazki zekitela erakutsi zuten.

quilla nao san juan museum

Adituek uste dutenez, gila lantzeko modu berezi hura Erdi Aroan errotutako tradizio tekniko zahar baten arrastoa zen, garai horretan teknika errazagoen mesedetan iadanik galbidean omen zegoena.

quilla nao san juan museum

Pagoz egindakoa

Harridurarako beste arrazoietako bat haritzez egindako itsasontzi bat gila pagozkoa izatea da. Izan ere, pagozko zura gutxi erabiltzen da ontzigintzan, haritza ez bezala busti-lehorrearen alternantzian iraupen kaxkarra duelako. Baina gila uretan dago beti, ontziaren kanpoan bezala barruan ere, gainetik beti txukatze-ponpak ateratzea lortzen ez duen ur pixka bat izaten da eta. Beti urpean egoten den pagozko zura ez da usteltzen; horren froga ezinhobea Kanadan topatutako San Juanaren gila da.

San Juan baleontzia baino zaharrago diren beste saskarretan, hala nola Gernikako Urbietakoan edo Newport-en topatutakoetan, gila pagozkoa da baita ere; dirudienez, gila lantzeko pagoa erabiltzea garai horretan euskal ontzien berezitasun bat omen zen.

quilla nao san juan museum

Eraikuntza prozesuaren irudi gehiago hemen