Thalassa, Frantziako telebistako programa dokumental ospetsua, Xabier Agoterekin, Albaolako presidentea, Kanadako Red Bay-ra joan da, Albaola eta San Juan baleontziaren proiektuarekin egiten ari den jarraipenaren baitan.

Bertan, Wanita Stone Red Bay-ko alkatea, Xabier Agote, Albaolako presidentea, Cindy Gibbons, euskal baleazaleen museoko zuzendaria -Red Bay National Historic Site- eta Robert Grenier, San Juan baleontzia aurkitu eta ikerketa zuzendu zuen Parks Canadako urpeko arkeologia taldeko burua, UNESCOk jarritako oroigarriaren alboan.

Thalassa izen handiko dokumental sail bat da France Télévisions-ek ekoiztuta eta batez ere FR3-n igortzen dena 1975etik.

Itsasoko gaiak lantzen ditu eta denbora darama jada San Juan baleontziaren proiektuaren jarraipena egiten, bai eraikuntza prozesuarena eta baita inguruko gertaera garrantzitsuenena ere, San Juan Sareko kideekin egiten diren ekintzak esaterako. Hori dela eta, Quintanar de la Sierra-ko Cabaña Real de Carreterosek alkitrana eta fitxa ohiko moduan egitearen tradizioa grabatzen egon da Albaolarekin Burgosen eta Sakanako Mankomunitatera, Nafarrora, joan dira baita ere Albaolako talde teknikoarekin baleontziaren oholak eta egitura egiteko haritzen aukeraketa egitera.

Oraingo honetan Kanadako Red Bay-ra joan da Thalassa, UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatutako gunea dena. Leku honen irudia Canada Post-en eskutik berriki posta zigilu bilakatu da: UNESCO World Heritage Sites: Postage: Red Bay Basque Whaling Station. Red Bayko udaletxean Xabier Agotek joan den abuztuaren 28an emandako hitzaldian ere egon da, “The San Juan whaleship replica construction process”, eta elkarlanerako aukerak aztertzeko egin diren harremanen lekuko izan da baita ere.

Red-Bay, UNESCO-k munduko ondare izendatutako gunea

Dokumentala 2016 hasieran igorriko da FR3-n, eta Frantzia aldean proiektuaren zabalkuntza handia lortzea espero da; izan ere publiko frantsesa bereziki sentibera da honelako ekimenekin, Rochefort-en berriki bukatu den l’Hermione itsasontziarekin ikusi den bezala.

Kanadarekin lotura gehiago

Bestetik, abuztuan zehar Raúl Pérez Iratxetak, San Juan baleontziaren proiektuaren zuzendaria, Kanadako eragile kultural interesgarriekin bilera ezberdinak izan ditu komunikazio, zabalkuntza eta ikerketa turistikoen gaiak lantzearren, horien artean Parks Canada eta Guelph-eko Unibertsitatea. Hori dela eta, Unibertsitate honekin eta Oarsoaldearekin batera, aurki kolaborazio hitzarmen bat sinatu egingo da, Albaola Itsas Kultur Faktoria eta bere proiektuak Pasaian duen inpaktu turistikoa ingurumenaren ikuspuntutik neurtzeko.

http://aboutbasquecountry.eus/eu/2015/06/01/the-telegraph-red-bay-en-canada-siempre-sera-vasca/

Robert Grenier, San Juan baleontzia aurkitu eta ikerketa zuzendu zuen Parks Canadako urpeko arkeologia taldeko burua eta Xabier Agote, Albaolako presidentea.