ALBAOLA

Pasaia (San Pedro)

ONTZI VENEZIARRA ALBAOLAN

26/3/2021

 

Gaur, martxoak 25, Venezia hiriaren sorreraren 1600. urteurrena da. Albaolak bat egin nahi izan du ospakizunarekin proiektu berri baten eraikuntza aurkeztuz, Sando s 'ciopón baten eraikuntza hain zuzen.

Gaur goizean eraikuntza berri bat aurkeztu dute Albaolan Itsas Kultur Faktorian, APRENDIZTEGI Albaolako nazioarteko ontzigintza eskolako testuinguran. Sandolo s'ciopón bat da, Venezian ahateak ehizatzeko erabiltzen zen 6 metroko luzera duen ontzi bat. Bere izena, s'ciópo, hiru metro luze duen fusil bati zor zaio. Sakonera txikiko uretan nabigatzeko diseinatua zegoen, kanal nagusietatik kanpo. Beharrezkoa izanez gero, erraz altxatzen zen lur gainetik pasa ahal izateko, izan ere pertsona bat nahikoa zen mugitzeko. Ontzi hau 70eko hamarkadan desagertzen hasi zen, ehiza debekatua izan eta gero.

S'ciopón ("s-chopón" ahoskatua) Veneziako sandoloen familiako kide da. Venezia uretan oinarritako hiri bat zenez, erabilera mota bakoitzerako ontzi desberdinak zituen, eta gaur egun ere hala da, zaborretarako ontziak, ontzi-anbulantziak, suhiltzaileen ontziak eta turistentzako gondolak daude; hala ere antzinako tipologia asko galdu dira. Sandaloak arrantza txikirako erabiltzen ziren, baita barazkiak uharteetatik Rialtoko merkatura garraiatzeko ere. Azken batean, hirian mugitzeko garraiobide bat zen, baino pertsona txiroentzat, ez baitzuten gondolarik eta gondolari partikularrik (familia aberatsek zuten bezala). Hala ere, gaur egun arte bizirik iraun dute, baino tamalez motorrak gaineratu dizkiete arraunak ordezkatuz.

Bi ikaslek gidatzen dute ontzi honen eraikuntza Albaolako ontzigintza eskolan: Saul Hoffmann italiarra eta Ioanna Moutosidi greziarra. Eraikuntza modu tradizionalean egingo da Gilberto Penzoren planoetan oinarrituta, Gilberto Adriatikoko ontzi tradizionaletan aditua da. Veneziako ontzi txiki tradizionalak, gondolak barne, cantiér izeneko euskarri baten gainean eraikitzen dira. Pieza kurba honek itsasontziaren hondoko lehen taulari izan behar duen kurba ematen laguntzen dio. Eraikuntza honetan eskeletoa haritzez egingo da eta oholtza alertzez.

Sandolo honi "laguna" deituko zaio, bere zentzu bikoitzagatik: italieraz, gaztelaniaz bezala, Veneziako ingurune naturalari erreferentzia egiten dio, eta gainera, euskaraz "laguna" hitzak, adiskide esan nahi du. Ez dago modu hobegoagorik bi errealitate urrun horien arteko harremana hasteko. Harreman hori, zalantzarik gabe, itsas kultura bera partekatzetik hasten da. Albaolako Sandoloa Veneziak Gipuzkoan izango duen lehen enbaxadorea izango da, itsasontzi tradizionalen erabileran, mantentzean eta azterketan interesa duten elkarteen sare bat osatzeko gonbidapen gisa aurkeztuta.

Prentsaurrekoa Albaolako presidente den Xabier Agoteren ongietorriarekin hasi da. Albaolako Aprendiztegi eskolaren testuingurua aurkeztu du, eta azpimarratu du zein garrantzitsua den ontzigintzaren lanbidea berreskuratzea, gure kulturaren eta beste askoren itsas ondare materiala eta immateriala gal ez dadin. Halaber, eskolari berari balio erantsia ematen dioten ikastunen ezagutza eta pasioaren trukea azpimarratu du.

Saul Hoffmannek hartu du hitza ondoren, eta proiektua eta eraikitzen ari den lan taldea aurkeztu du: bera eta Ioanna Moutosidi taldekidea hain zuzen. Saul italiarra da, Pavia-koa, baina urte asko eman ditu Venezian bizitzen. Irailean bere hirugarren prestakuntza-urtea amaitzen duenean, Veneziara itzuli nahi du "maisu d 'Ascia" titulua atera eta 1600 urte baino gehiago dituen itsas tradizioarekin jarraitzeko asmoarekin (kondairaren arabera, Venezia 421eko martxoaren 25ean datatua izan zen). Ondoren, Ioanna aurkeztu du, belaontzian nabigatzea oso gustuko duen gazte greziarra. Ioannaren asmoen artean Greziara itzultzea da eta bertan nabigatzeko bere ontzi propioa eraikitzea. Saulek honela amaitzen zuen: "Ioanna Chalkidakoa da, veneziarrek Negroponte deitzen zuten hiria, eta 1204tik 1470era arte Veneziako Errepublikaren kontrolpean egon zena. Venezia eta Negroponte bostehun urte eta gero bildu dira, Albaolako ontzigintza  eskolako nazioarteko eskolari esker".

Bukatzeko, Xabier Alberdi, Albaolako ikerketa departamentuko zuzendaria eta Euskal Itsas Museoko zuzendaria, Veneziara eraman gaitu, bertako itsas historiaren errepaso bat eginez aintzinatik 16. mendera arte.

rueda de prensa sandolo

 

____

Ontzi horiei buruz pixka bat gehiago jakiteko:

Nabigazioa:
Hiritik kanpo, arraun egiteko modurik onena "balesanera" da, hau da, bi arraun pertsona bakoitzarentzat. Hasiera batean, “voga veneta”-k arraun bakar batekin arraun egitean datza, “forcola” izeneko "tolete" konplexu batean bermatuta. Arraunlaria zutik dago eta aurrera begira, egon daitezkeen oztopoak ikusteko eta uraren maila kontrolpean edukitzeko.

Materialak:
Forkolak, normalean, intxaurrondoz, udareondoz edo gereziondoz egiten dira, nahiz eta edozein egur gogor eta trinkok balio dezakeen. Gaur egun, berriz, arraunak egiten dituzten artisauek egiten dituzte (remerrari arraunak zergatik egiten dituen esaten zaio). Oso landuak egon daitezke eta eskulturen antz handia dute, nahiz eta laneko ontziek forkola sinpleagoak izan.

Arraunak, tradizioz, pagoz egiten ziren, eta Veneziak, Alpeetan, horretarako erabiltzen ziren pago basoak zituen kontrolpean. Gaur egun, pinua eta egur exotikoak ere erabiltzen dira, baina pagoa palaren alboetarako erabiltzen jarraitzen da, kolpeen aurkako babes gisa. Veneziako ubide estuetan oso erraza da arraunarekin adreiluzko edo harrizko horma bat jotzea, edo ubidearen ondoan amarratutako itsasontziekin talka egitea.
Itsasontzia haritzez, zumarrez, alertzez eta izeiz egiten da. Gureak hezurdura haritzez eta oholak alertzez izango ditu. Gaur egun, zoritxarrez, Veneziako itsasontzi gehienak beira-zuntzez eginak daude. Zurezkoak egiten direnek, adibidez arraun-klubetakoek edo udalak antolatutako estropadetakoek, ia beti  kontratxapatu-forrua izaten dute. Itsasontzi bat zurarekin forratzea, Albaolan egiten den moduan, askoz ere jasangarriagoa da itsasgarri kimikorik edo erretxinarik erabiltzen ez delako, kalafateatzen ikasteko aukera ematen du, hau da, ohol arteko espazioa kotoi edo estoparekin zerratzea, arte bat bere baitan