ALBAOLA

Pasaia (San Pedro)

ALBAOLAREN NAZIOARTEKO ONTZIGINTZA ESKOLAREN LEHEN 3 GRADUATUAK

16/9/2020


Eskolak 2017ko irailean hasi zuen bere bidea hiru ikaslerekin. Dagoeneko nazioarteko 18 ikaslek osatzen dute eskola hau. Aste honetan 3k bukatu eta 6 berri hasiko dira.

Euskal Herria maila goreneko ontzigintza arotzen lurraldea izan da. Dena den, azken hamarkadetan lanbide hori ia desagertu arte galdu egin da. Egurrezko ontzien eraikuntzaren gainbeherak teknologia, teknikak, tresnak, lehengaiak eta gainerako osagaiak bertan behera uztea ekarri zuen. Hala ere, garapen eta itsas kultura handiko Europako beste herrialde batzuetan aspaldidanik ontzigintza tradizionalean prestakuntza eskaintzen da. 2017 geroztik formakuntza hau posible da ere Euskal Herrian, Albaola Elkartearen Aprendiztegi eskolan hain zuzen ere. Bertan mundu osoko aprendizak ontzigintza ikasten ari dira.

Aprendiztegi, Lance Lee Nazioarteko Ontzigintza Eskola Ameriketako Estatu Batuetan ontzigintza tradizionalaren irakaskuntzan aitzindaria den Lance Lee-k sortutako ereduan oinarrituta dago. Eredu pedagogikoak hasieratik ikaskuntza-prozesua praktikaren bidez lehenesten du eta ikasleen motibazioa da ardatz nagusia. 

Betidanik, Albaolaren helburu nagusietako bat ontzigintza tradizionala eta bere teknologia eta teknikak berreskuratzea izan da. Eskola berri eta berritzailearen diseinu hau abian jartzearekin batera, Albaolak beste urrats bat eman zuen itsas ondarea berreskuratzeko eta, oro har, ezagutza transmititzeko lanean. 3 ontzigile berri hauekin mugarri berri bat lortu du Albaolak bere historian.
Izan ere, 2017an eskolan hasi ziren lehen 3 ikasleak graduatu berri dira: Javier Vizcaya, Manuel Goethals eta Rémi Fennebresque hain zuzen. Hiru urteko esperientzia-prestakuntzaren eta proiektu ugariren ondoren, beharrezko trebetasun guztiak eskuratu dituzte ontzi tradizionalak eraikitzeko, teknika tradizionalak eta modernoak konbinatuz, baina, batez ere, ontzigintza tradizionalaren lanbidea mantentzeko.
Urte hauetan 5 ontzi eraiki eta uretaratu dituzte, San Juan baleontzia eta Juanita Larando patatxe kortsarioa eraikitzeko lanak burutu dituzte eta zaharberritze lanak egin dituzte baita ere. Horrez gain, lotutako beste lanbide batzuk berreskuratzeko tresnak sortu eta erabili dituzte, hala nola sokagintza, errementaritza eta ehungintza.
Xabier Agotek, Albaolako Presidentea, ekitaldia ireki du ikasle, langile eta boluntarioen artean. Diplomak banatu zaizkie eta hitza hartu dute banan-banan. Hiruok bat egin dute ondorio berdina azpimarratuz: 3 urte pasa eta gero beraiekin eramaten duten gauzarik garrantzitsuena Albaolan osatu duten familia dela. Ekitaldiari amaiera emateko sagardoarekin topa egin dute.
Lehenengo graduatu hauekin, eskolaren helburuetako bat lortu da: hurrengo belaunaldiei lanbide ia galdu bat irakastea, hau da, ontzigintza tradizionala.

Javier, Manuel eta Rémi, euskaldun bat, bruseldar bat eta marseildar bat graduatzen diren aldi berean, Anglet, Girona, Madrid, Irlanda eta Kaliforniako 6 ikasle berri hasiko, 3 urteko iraupena izango duten ikasketetan, Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktorian garatu beharreko proiektu eta itsasontzi berriekin.

Eskolara sartzeko eskakizunei dagokionez, bi baldintza eskatzen zaizkie ikasleei: motibazioa eta konpromisoa. Izen-emate epea zabalik dago abendutik otsailera bitartean eta eskola doakoa da, benetan ikasi nahi duen orori aukera ziurtatzeko. Hala ere, Albaola elkartea babesle bila dabil egitura hau horrela mantendu ahal izateko.

grado carpinteria de ribera albaola