ALBAOLA

Pasaia (San Pedro)

Oibar Olano, 16 urte eta udara bat Albaolan boluntario

11/9/2020

Elkartearen historiako boluntariorik gazteena; 16 urte besterik ez eta Oibarrek argi zuen Albaolan bolondres gisa eman nahi zuela uda.


Oibar Olano Asteasuko gazte bat da. Oibarrek Albaolaren proiektua bere eskolarekin Faktoria bisitatu ondoren ezagutu zuen. Bertan jakin zuen San Juan baleontziaren proiektuaz, Aprendiztegi ontzigintza eskolaz eta museo-ontziolan dagoen dinamismoaz. Gogoan du, gidak Albaolako proiektua mundu guztiari irekita zegoela esandako momentua, 500 boluntario baino gehiago zeudela hain zuzen.

Albaolako boluntarioen sarea beti izan da erabat heterogeneoa eta kultura anitzekoa, munduko leku guztietako pertsonekin, era guztietako lanbide, kultura eta adinekoekin. Baina baldintza gisa beti eskatu izan da adin nagusikoa izatea.

Oibarrek, ordea, 18 urtetik aurrera sartzeko betekizuna ezagutu arren, interes, motibazio eta ilusio berezia erakutsi zuen eta ondorioz, elkarteak bere taldearen artean onartzea erabaki zuen, gurasoen berariazko baimenarekin.

Ekainaren amaieran hasi zen eta ordutik ez du egun bakar bat ere hutsik egin, asteburu batzuk ere etorri da. Adina bikoizten zioten beste boluntario batzuekin batera, eta eskolako ikasle gazteen eta Albaolako arotz beteranoen artean esperientzia paregabea eraman du berekin. Era guztietako lanak egin ditu, egurrarekin etengabeko harremana izan du eta bere eskuek ekarpen handia egin diote proiektuari. Baita bere jarrera ere; pertseberantzia eta segurtasuna. 16 urterekin udara oso bat bolondres bezala pasa nahi zuela argi zuen, eta Asteasutik egunero Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktoriara etorri da.

Proiektuaren parte zergatik nahi izan duen izan galdetzerakoan hau da erantzuna: "Proiektu desberdina dela iruditzen zaidalako. Gaur egun horrelako itsasontzirik ez da egiten, eta, gainera, erabiltzen den teknika oso interesgarria da eta galtzear dagoelako. Teknika tradizionala berreskuratzearen alde nago, eta asko gustatzen zait mundu hau "

Aste honetan amaituko du uda Albaolan batxilergoko klaseetara itzultzeko. Baina ez proiektuarekiko lotura. Oibarrek Faktoriako ateak zabalik izaten jarraituko ditu, nahi duen guztietan parte hartzen eta ikasten jarraitzeko. Eskerrik asko Oibar!