ALBAOLA

Pasaia (San Pedro)

Iker Aldai, praktiketako uda Albaolan

25/8/2020

Bueno Iker, aste bat bakarrik geratzen zaizu Albaolako praktikak bukatzeko. Beraz, elkarrizketa bat egingo dizugu zu hobeto ezagutzeko.

 

Zeintzuk dira zure izen-abizenak, adina, jaioherria? Zer zaletasun dituzu?

Ni Iker Aldai Trujillo naiz, 20 urte ditut eta Bergaran bizi naiz. Nire zaletasunak, berriz, futbola, musika eta geografia dira. Musikaren kasuan trompeta, trikitixa eta pianoa jotzen ditut, eta nire futbol taldea Erreala da.

 

Nola ezagutu zenuen Albaola?

Uda honetan praktikak egiteko gogoa nuen eta Deustuko praktiketako koordinatzailearekin hitz egin nuen. Berak aukera batzuk erakutsi zizkidan eta haietako bat Albaola zen. Enpresa honi buruzko informazio pixka bat irakurtzen hasi nintzen, eta itsasontziaren munduarekin lotuta zegoenez, asko erakarri ninduen.

 

Noiz hasi zinen etortzen?

Uztailaren hasieran hasi nintzen etortzen Albaolara. Hasieran, urduri xamar nengoen zer aurkituko nuen ez nekielako, baina bai Enararen bai beste langileen tratua nirekiko hasieratik orainarte izugarrizkoa izan da. Gainera, Enarak lehen egunean San Juan baleontziari buruzko lau liburu eman zizkidan, datu eta informazio gehiago kontuan edukitzeko.

 

Noizero etortzen zara?

Astearte eta asteazkenetan etortzen naiz normalean. Beste aste batzuetan, aldiz, asteazken eta osteguneko txandak egin izan ditut, osteguneko bisita gidatuak zeudelako. Ostegunean bisita gidatu bat ikusi nuen eta hurrengo ostegunean egin nuen nire familiarentzat.

 

Zergatik erabaki duzu Albaolan parte hartzea?

Albaolan parte hartzea erabaki dut komunikazio graduko praktikarik onena iruditu zitzaidalako, baita nire etorkizunari begira asko lagundu ahal didalako. Betidanik gustatu izan zait itsasontzien mundua, geografiarekin lotzen baitut. Niretzat San Juan baleontziaren proiektua arrakasta handikoa da, XVI. mendeko baleontzi baten erreplika aurreratu bat egiten ari direlako.

 

Zer lan mota egiten duzu?

Albaolako komunikazioko departamentuan egiten ditut nire betebeharrak, hau da, Enarak gidatzen dit nire bidea eta halaxe egiten dut, esate baterako, elkarrizketak egin eta gero Albaolako webgunean publikatu, bisita gidatu bat egin, InDesign-en irudiak editatu, Excel-ean datuak itsatsi, eta beste hainbat lan gehiago. Azken aldi honetan, elkarrizketekin gogor ari naiz lanean, gero eta langile gehiago elkarrizketatzen ditudalako.

 

Zerekin zaude orain lanean?

Momentu honetan elkarrizketak egiten ari naiz, beste langileen etorkizunerako bideak zeintzuk diren jakiteko eta Albaolan ahaztezinak direla haiei gogorarazteko. Izan ere, atzerriko mutil bat elkarrizketatu izan dut, Belgikakoa hain zuzen. Bere izena Manuel Goethals da eta aipatu nahi dut hemengo nire lehen elkarrizketatua izan dela. Gainera, nire azken astea da eta udako praktikak bukatzen ditut.

 

Hau izan da elkarrizketa, Iker. Ondo izan.

 

Iker Aldai