ALBAOLA

Pasaia (San Pedro)

Donostiatik Pasaiara Lucretia belaontzi klasikoan, Albaola itsas faktoriara bisita barne.

15/7/2020

Uztaila eta abuztuko ostegunetan eskainiko da zerbitzua. Irteerak 10:00etan izango dira Donostiako moilatik.

Aurtengo udan Donostiatik Pasaiara itsasoz joateko zerbitzua eskainiko da. Baina plan hau ez da itsasontzian bidaia bat bakarrik: gure kostaldeaz gozatzeko eta itsas ondarean murgiltzeko aukera paregabea da.

Izan ere, bidaia ez da edonolako itsasontzian egiten, Lucretia belaontzi klasikoan baizik; 1927an teka, haritz eta kaoba egurrez eraikitako belaontzi holandarra hain zuzen. Gure itsasoan dabilen belaontzi zaharrenetarikoa izanik, esperientzia ahaztezina eskaintzen du 19,3 metroko luzera eta 180m2-tik gorako bela-azalera duen altxor honek.

Donostiako moilatik irten eta 2 orduko bidaian gure kostaldeko paraje ederrenetarikoak kontenplatzeko aukera izango dugu, itsasoak ematen duen ikuspegi berezitik: Kontxako badia, Ulia mendiko itsaslabarrak eta Pasaiako badiaren sarrera ikusgarria, besteak beste. Bitartean, ingurua ezagutzeko eta belaontziaren nabigazio-teknikak ulertzeko azalpenak emango dizkigute.

Behin Pasaiara iritsita, Albaola Itsas Faktoria bisitatzeko garaia da; belaontziak faktoriaren sarreran bertan utziko gaitu. Hemen, gure itsas-historia berezia ezagutzeaz gain, San Juan baleontziaren erreplikaren eraikuntza zuzenean ikusteko aukera izango dugu. Egur usainak eta mailu hotsek beste garai bateko mundura eramango gaituzte.

Albaolako bisita amaitu eta bertan motora zerbitzua erabili beharko dugu Pasaiara heltzeko, bidearen zati bat itxita baitago. Motorak Trintxerpen ala Pasai San Pedron utziko gaitu eta Pasaian gure eguna osatu dezakegu: Mater Ontzi-museo ekoaktiboa bisitatuz San Pedroko moilan, Pasai Donibanera gurutzatu eta alde zaharrean zehar paseatuz badiaren sarrerara arte edota, zergatik ez, zure buruari omenalditxo bat emanez eta bertako gastronomia dastatuz. Izan ere, arrain eta itsaski eskaintza ederra aurkituko duzu herrian.

Zerbitzu hau Gipuzkoako Foru Aldundiaren turismo sailaren babesari esker jarri da martxan, Oarsoaldea Garapen Agentziarekin elkarlanean.

Informazio praktikoa

Egunak: uztaila eta abuztuko ostegunak

Ordutegia: 10:00etan Donostiako moilatik irteera, 12:00etan Albaola itsas faktorian bisita, 13:15ean Motora zerbitzua San Pedrora- Trintxerpera

Prezioak: Arrunta: 38 €, 3-6 urte: 25 €, 0-2 urte: doan

Itsasontziaren gehienezko edukiera: 12 pertsona

Sarrera salmenta: Online: www.sansebastianreservas.com, Telefonoz: 943 415 151 / 943 415 153, Gipuzkoa Turismoa bulegoa (Boulevard 6, Donostia)

Informazio turistikoa: Pasaian eta eskualdean egin ditzakezun plan guztiak hemen kontsultatu: www.oarsoaldeaturismoa.eus 943 494 521

 

Albaola nao San Juan