ALBAOLA

Pasaia (San Pedro)

EUSKAL BALETXALUPA

04/5/2020

✅ JARDUERA

Baleatarako txalupa 13. eta 14. mendeetako HONDARRIBIA, Bermeo eta Biarritzeko zigiluetan irudikatuta ageri da. Argi dago baleak harrapatzeko jarduera oso-oso aspaldikoa dela gure kostaldean. Euskaldunek arpoia erabiltzen zuten, eta teknika honek zetazeoarengandik metro gutxira jartzea eskatzen zuen; txalupakoek adore eta trebezia handia behar zuten, noski, baina ontzia bizkorra eta maniobragarritasun handikoa izatea ere ezinbestekoa zen.

 

✅ AURKIKUNTZA

16. mendeko euskal baleatarako txalupa, Red Bay, Newfoundland and Labrador, badian 1565ean hondoratutako San Juan ontziaren urpeko indusketa lanetan Parcs Canada-ren arkeologoek aurkitu eta berreskuratu zuten. Ezagutzen den baleatarako txaluparik zaharrena da, eta herri horretako euskal baleazaleen museoan dago ikusgai, Lieu historique national de Red Bay izenekoan. Erreplika bat Albaola Itsas Kultur Faktoria dago.

➡️ Ikerketaren inguruan gehiago irakurri:

http://www.albaola.com/eu/site/ikerkuntza-prozesua

 

✅ EZAUGARRIAK

Red Bay-en aurkitu eta aztertu zituzten 16. mendeko baleatarako euskal txalupei esker, zehaztasun handiz dakigu nolakoak ziren mundu osoko itsas historiaren atalik epikoenetako baten protagonista izandako ontziak. Ontzi balioaniztuna da, sare zuzenarekin sardinatan erabilia, eta bakailaotan ere bai Ipar Atlantikoan.

 

Zortzi metro ditu luze, eta bi metro errun. Nagusiki haritzez dago eginda, eta gauzarik deigarriena eraikuntza sistema biak konbinatu izana da: gainaldea teilakatze sistemaz, eta urpeko zatia topeka. Bi masta zituen, trinketa eta nagusia, eta tripulazioan sei arraunlari (arpoilaria barne) eta patroia.

 

✅ BILAKAERA

Euskal baleatarako txalupa, 16. mendean, bere diseinuaren oso fase aurreratura iritsiko da. Hurrengo mendeetan beste itsas kultura batzuek bereganatu, eta ezaugarri orokorretan mantendu egingo dute. Mundu osoan Moby Dick eleberriari esker ezaguna den New Bedfordeko baleatarako txaluparen kasua da. Amerikar txalupak, bere aldetik, bilakaera lokala izango du Azoresetan, zeroia harrapatzeko hain zuzen. Jarduera honek 20. mendea arte iraun du. Gaur egun, Azoreetako baleatarako txalupa estropadetarako ontzi gisa mantentzen da.

 

17. mendean, Champlain frantziar esploratzaileak modu masiboan erabili zituen ontzi hauek, Kanadako ibaiak esploratzeko. Ternuako eta Ingalaterra Berriko amerindiar tribuek ohiz erabiltzen zutela ere badakigu.

 

✅ ALBAOLAREN BALETXALUPAREN ERAIKUNTZA

Beothuk Red Bay-ko baleatarako txaluparen kopia bat da, Albaola Elkarteak (Albaola Itsas Kultur Faktoria) Pasaiako Ontzi Tradizionalen Eraikuntza eta Ikerkuntzako Ontziola Zentro ohian egina. Ontzi hau Parcs Canadak emandako planoetatik abiatuta eraiki genuen. 2006an Ternuako kostaldeetan zehar arkeonabigazio esperientzia batean erabili genuen, 2.000 kilometrotik gorako itsasaldia! Honen inguruan hurrengo postean hitz egingo dugu ;)

 

 

✅ Gehiago irakurri nahi baduzue iturria hau da: "BERTAN 23, Gure Itsasontziak". Testua: Xabier Agote eta edizioa Gipuzkoako Foru Aldundia - Diputación Foral de Gipuzkoa.

 

FOTO CHALUPA BALLENERA VASCA

REPLICA CHALUPA BALLENERA VASCA DE ALBAOLA

national geographic july 2018 albaola basque whalers

ilustracion chalupa ballenera vasca

 

exposición balleneros vascos en albaola

esqueleto chalupa ballenera vasca

proa chalupa ballenera vasca

baletxalupa uretara pasaiako badian

navegando con la chalupa ballenera

Ilustración "La chalupa vasca" vía El Trotamanteles

Ilustración sin título National Geographic Julio 2018 & Albaola Itsas Kultur Faktoria by Fernando Baptista