ALBAOLA

Pasaia (San Pedro)

SAN JUAN BALEONTZIAREN ERAIKUNTZA 2019an

30/3/2020

Joan den urtea esanguratsua izan da San Juanaren eraikuntza prozesuan; hain zuzen ere, 2019an zehar bukatu ahal izan da bere hezurdura eta gainestrukturak... ontziaren txopan salbu, estalpearen sapaia jo baitugu! Brankaldean, berriz, zentimetro gutxigatik baina sartu zaigu baleontzia, beraz brankako gaztelua amaitu dugu, detaile txikiak ezik.

Gaineko kubierta bukatu dugu baita ere. Bere erdian, baborretik estriborrera, adala dago; zurezko kanaloi handi bat. Sototik aterako duen ura hor botako du ponpak, handik alde batera edo bestera itsasontzitik kanpora eroriko da. Adalatik metro batera edo, masta nagusiaren tanboretea dago; izen musikal horrek mastari eutsiko dion estruktura esan nahi du, bere bi bloke trinko handiz osatutakoa. Eta handik aurrerago, ontziaren eskotillak, brankako gazteluraino.

Brankako gaztelu honek bere bi alboetan, kanpotik, abenkolak eta haiei eusteko postarioak ditu. Hitz eder horien esanahia argitzearren: abenkolak aurreko mastari eutsiko dioten abenka edo soka sendoak bertan lotzeko balio dute; postarioak, aldiz, gaztelua indartzen dute eta abenkolen euskarri bertikalak dira.

Kubiertatik gorako estruktura oholez estali dugu; oholen artean zintak jartzen dira tarteka, hau da, oholen lodiera bikoitza duten zurezko listoiak. Ohol bat edo bi eta gero zinta bat jartzen da.

Ontziaren mokoa egina dago baita ere; bere hezurdura sendoa harrotasunez aurreratzen da itsasontziaren kroskotik. Gaur egun mokoa, brankako gaztelua eta abenkolek ametsaren gauzatzea gertuago dagoela adierazten digun multzo eder bat osatzen dute.

Zuek ezin zaretenez San Juan baleontzia ikustera etorri guk gerturatuko dizuegu baleontzia, egun hauetako publikazioen bidez. Ondorengo argazkietan 2019ko URTARRILA baleontzian egin genituen lan garrantzitsuenen sorta bat.

DISFRUTATU!

#EtxeanGeratzenNaiz
ballenero san juan museo san sebastian top 10