ALBAOLA

Pasaia (San Pedro)

ESTEBAN GOZATEGI, EUSKAL HERRIKO AZKEN ZUREZKO ONTZIGILEA

15/2/2020

Esteban Gozategi, 12 urtetatik zurezko ontzigilea izandakoa, hilabete honetan erretiratu egiten da bere azkeneko hamarkada profesionala Faktorian pasa ondoren, eta bere ezagutza bertan utzi eta gero. Bere ibilbide profesional osoa ontzigintza tradizionalean burutu ahal izan duen azkeneko ontzigilea da.

Esteban Gozategik 12 urte zituen bere aitak, Agustin Gozategik, bere lanera laguntzaile moduan eraman zuenean. Agustinek -beste bazkide batekin- egurrezko ontziak eraiki eta konpontzen zituen Orioko Mutiozabal ontziola izandakoan.

12 urtetatik 16 urtera arte gutxi gorabehera Oria ibaiaren ertzean lanbidea ikasi zuen. Dena den, aurki, baxura ontzi mota hauetako ekoizpenaren jaitsiera nabarmena ezagutu zen, eta mekanika ikastera pasa zen. 21 urterekin, zerbitzu militarretik bueltan, berriz ere bere aitarekin batera lanean hasi zen. “Momentu honetan jada lana konponketak egitera mugatzen zen” gogoratzen du Estebanek, “ontziolaren azken etapan, beste ontziola batzuentzat lanean eta mantentze lanetan aritzen nintzen batez ere. Zaila”. Bilakaera honek oso ongi erakusten du sektorean emandako aldaketa  bat: ontzien eraikuntzan zura erabiltzeari utzi zitzaion momentua hain zuzen.

2011n Albaola elkarteak Esteban kontratatu zuen 57 urte zituela, San Juan baleontzia eraikitzeko ontzigile gisa. "Ezin nuen sinetsi. Aukera paregabea zen nekiena eta egiten gustatzen zaidana egiten jarraitu ahal izateko. Eta bestetik, 16.mendeko baleontzi bat eraikitzera! Amaiera profesional polita izan da. Lankideekin nire ezagutza dena partekatu ahal izan dut, eta aitak ondo irakatsi zidan ofizio hau bizirik mantentzeko helburu honetan parte hartu ahal izan dut”.

Estebanek ia hamarkada bat eman du Albaolan, eta bere erreleboa hartu duten belaunaldi berriei bere ezagutza guztia transmititu die jakintza eta egiteko modu tradizional hauek mantendu ditzaten. Ez die bakarrik bere lankideei erakutsi -jada ontzigileak direnak-, baita Albaolako ontzigintza eskolako ikasleei eta beste herrialde batzuetatik Faktoriara praktikak egitera etorri diren beste askori ere.

Albaolako taldeak bere historia ezagutzera eman nahi izan du berak proiektuari egindako ekarpena balorean jartzeko eta eskertzeko. Prentsa ohar honen bidez bere jakintza eta ibilbideari omenaldia egin nahi izan diote. Horregatik, ESKERRIK ASKO ESTEBAN, Albaolaren ateak beti zabalik izango dituzu.