ALBAOLA

Pasaia (San Pedro)

PASAIA ITSAS FESTIBALAREN BIGARREN EDIZIOA AURKEZTU DA

16/1/2020

Ekitaldia 2020ko maiatzaren 28tik ekainaren 1era bitartean ospatuko da.

Bigarren aldiz, eta lehen edizioaren arrakastaren ondoren, Pasaia Itsas Festibala berriro ospatuko da 2020an. Ekitaldia maiatzaren 28tik ekainaren 1era bitartean ospatuko da, hala adierazi dute ekitaldiaren antolakuntzan parte hartzen duten erakundeek gaur goizean egindako aurkezpenean.

Horrela, 5 egunez, badiako urak nazioarteko itsasontzi tradizionalen topagune izango dira. Aurkezpena Pasaiako Udaletxean izan da eta bertan Izaskun Gómez Pasaiako alkateak, Xabier Agote festibalaren zuzendariak, Denis Itxaso, Kultura, Elkarlan, Gazteria eta Kirol diputatuak; Sonia Pérez, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza, eta Kontsumo sailburuak eta Félix Garciandia, Pasaiako Portuko Agintaritzaren zuzendariak hartu dute parte.

Sonia Pérez sailburuak itsas ondare balioan jartzeak Euskadiko erakargarri turistiko gisa duen garrantzia azaldu du, eta festibala zentzu horretan Euskal Kostaldean egiten den ekitaldi aitzindaria dela aipatu du. Era berean ekitaldiak komunikabideetan lortutako proiekzio eta oihartzuna azpimarratu nahi izan dute; izan ere, Denis Itxasoren arabera, Gipuzkoa itsas ondarearen erreferente bezala kokatzea lortu da. Kultur diplomaziaren garrantzia eta jaialdiaren antolakuntzatik lantzen den harreman sarea ere azpimarratu nahi izan du diputatuak: “Gipuzkoako eta Pasaiako kultur ondarearen aurkezpen txartel bikaina da festibala, eta itsasoaren inguruan ekonomia iraunkorra bultzatzen jarraitzeko bokazioa duen mundura irekitako lurralde gisa proiektatzen gaitu”. Jarraian, Felix Garciandiak adierazi duenez, jaialdia estrategikotzat jotzen dute, Pasaiako portuaren garrantzi historikoa ezagutzen eta portuaren ondare-izaera indartzen laguntzen duelako.

Xabier Agotek, bere aldetik, jaialdiaren lehentasunezko balioak azpimarratu ditu, besteak beste, jasangarritasuna, nortasuna, lankidetza eta elkartasuna. Azkenik, Izaskun Gomezek lehen edizio arrakastatsuaren datuak errepasatu ditu, eta nabarmendu du herritarren eta hainbat eragileren inplikazioa, 125.000 bisitari baino gehiago erakartzea lortu baitzuten jaialdiak iraun zuen egunetan, eta horrek itzulera ekonomiko garrantzitsua ekarri zuen Pasaiako ekonomian.

Azkenik, aurtengo egitarauari begira, aurten ere protagonismoa itsasoak eta itsasontzi tradizionalek izango dute. Jada 3 ontzien parte-hartzea konfirmatu dute: Shtandart, 34,5m luzerako XVIII. mendeko fragata errusiarraren erreplika; Oosterschelde, 3 masta eta 50m luzera dituen 1918ko goleta holandarra; eta Marité, 3 masta eta 45m luzerako frantziar goleta. Halaber, lehorrean ere jarduera ezberdinak antolatuko dira Pasaiako barruti guztietan, baita Pasai Antxon ere. Elkano pertsonaiak ere bere tokia izango du aurtengo festibalean, bere zikunnabigazioaren 500. urteurrena dela eta. Eta aurtengo ohorezko gonbidatua nor izango den ere aurreratu dute: Portugal.

Aurtengo edizioko berri guztiak pasaiaitsasfestibala.com web orrian zabalduko dira.