ALBAOLA

Pasaia (San Pedro)

SAN JUAN BALEONTZIA ERAIKITZEKO BABESLE BERRIA: ÉKOLO

04/12/2019

Ékolo, produktu ekologikoak ekoizten dituen enpresa nafarra, San Juan baleontziaren babesle-sarera gaineratu da.  
 
Ékolo Arroitzen (Nafarroa) sortutako enpresa-ekimena da, elikadura osasungarriagoa eta jasangarriagoa sustatzen duen nazioarteko Slow Food mugimenduan oinarritutakoa. Zuzenean landatik datorren fruta ekologiko freskoa prozesatzen eta prestatzen adituak dira.  
 
Bi erakundeek tradiziozko prozesu jasangarrietan jartzen dute arreta; jakinduria hau da bereizten diena. Hori dela eta kolaborazio harreman bat hasi berri dute eta baleontziaren saihets baten babesarekin hasiera eman diote. 
 
Albaolak zein Ékolok lan egiteko eta funtzionatzeko modu desberdinetan sinisten dute, ingurumena ahalik eta ondoen zainduz eta ohitura jasangarriak sustatuz egiten dute euren ekarpena, bakoitzak bere eremuan. 
 
Lehengaiari ematen zaion garrantzia azpimarragarria da bi kasuetan. Esaterako, San Juana eraikitzeko erabili diren egur piezak basoko agenteen laguntzaz aukeratu dira harizti, izeidi eta pagadietatik; gehiengoak Nafarroatik, Irati eta Sakanako haranak kasu. Ékolok baita ere Nafarroan nagusiki kokatutako baratza ekologikoetan aukeraketa egiten dute. 
 
Babesaren ekimena San Juanaren eraikuntzaren ondoan burutu da bi erakundeen arduradunen presentziarekin. Hitzarmena sinatu eta gero, enpresaren logoa babesleen panelean jarri da eta babesle-diploma entregatu da Faktoriaren bisitarien aurrean.
 
Bide lagun berri honek Albaolaren proiektua indartu egiten du. Elkarteak euskal itsas ondarea eta kultura berreskuratu nahi duten enpresa pribatu zein partikularrei irekia dagoela jakinarazi nahi izan du.