ALBAOLA

Pasaia (San Pedro)

Ontzi kortsario baten eraikuntza Albaola Faktorian

18/10/2019

Albaola Faktorian jendaurrean 15 metroko patatxe bat eraikitzen ari dira, kortsarioek asko maite izan duten ontzi mota bat hain zuzen. Gure kostaldean jada desagertuta dagoenez, Orioko Mutiozabal ontziolan aurkitutako planoetan oinarritua ekin diote lanari.

Gaur goizean, Albaola Itsas Kultur Faktorian, bisitariek ikusi ahal izango duten ontzi berri baten eraikuntza aurkeztu da. Erronka berri hau patatxe bat da eta bere ezaugarri nagusia bizkortasuna da, bai belaz bai arraunez hartzen duen abiadura alegia. Hori dela eta, herri batetik bestera mezuak bidaltzeko erabiliak izan ziren, bai eta kostaldeaaren zaintza-lanak egiteko ere. Barku mota hau, lehenetsia izan da kortsarioen artean, bere ezaugarriak abordaiak egiteko ezinhobeak baitziren.

Faktorian eraikitze prozesuan eta ikusgai dagoen patatxeak, 15 metroko eslora eta 3,5 metroko erruna ditu. 20 arraunlarik osaturiko eskifaia eraman dezake eta bi bela handi ditu, guztira 150m2ko azalera osatzen dutelarik.

Patatxe honen eraikuntzarekin ondare balioa duen elementu baten berreskurapenari ekin zaio; izan ere, barku mota hauek desagertu zirenetik egongo den lehena eta bakarra izango baita. Gainera, Orioko Mutiozabal ontziolan Jesus Mari Perona itsas modelogile ospetsuak aurkitutako planoetan oinarrituta dago. Planoek datarik ez duten arren, XVIII. mendeko tipologiarekin bat egiten dute.

Azpimarratu beharra dago, itsasontzi honekin 8 izango direla Albaolak eraiki dituen Mutiozabal ontziak: Ameriketatik trainerua, Zabarre lantxa, Arditurri potina, Gastibeltza eta Basanoaga batel nagusiak eta Mesker eta Pasaia batelak; denak XIX. mendekoak.

San Juana eta patatxearen proiektu berri hau, Faktorian bi espazio desberdinetan eraikuntzan egongo dira. Eraikuntza dinamikak ere oso desberdinak dira; San Juan baleontzia Parks Canadak garatutako urpeko ikerkuntzan oinarrituta eraiki dira, patatxea berriz garaiko planoak erabilita.

Eraikuntza prozesuari dagokionez, aipatu beharra dago Faktorian bertan hasieratik bukaerara eraikiko den lehen itsasontzia, izango dela, hau da, kroskoaz gain, aparejoa eta mastak ere egingo dira ontziola-museoan, belak eta sokak barne. Hortaz, desagerturiko itsas lanbideen berreskurapenari dagokionez jauzi kualitatibo bat emango da baita ere. Arlo honetan, boluntarioen inplikazioa goraipatu beharra dago, eta astero aurrera eramaten duten etengabeko lan bikaina.

Juanita Larandok jada Faktoria bisitatzera etorri diren bisitari askoren interesa piztu du dagoeneko. Baina hauek ez dira bakarrak, itsas ondarean adituak diren hainbat herrialdetako profesionalek Faktorian izan dira eta gertutik jarraituko dute eraikuntza prozesua.

Gaurko aurkezpenean Albaolak bidelagun eta babesleen artean aurkeztu du patatxea. Xabier Agotek, Albaolako Presidenteak, ireki du ekitaldia gonbidatuei ongietorria eta Juanitaren ezaugarriak emanez. Izenaren istorioa baita ere azaldu du; “Juana Larando 17.mendean ostatu bat zuen Donostiako Alde Zaharrean eta bere bezero danak kortsariak ziren. Dakigunez, berak, inbertitu egiten zuen patatxeetan (…) pataxe horietako bik San Juan eta San Pedro izendatu zituen”. Jarraian Euskal Itsas Museoaren zuzendari eta Albaolako ikerketa departamentuaren buru den Xabier Alberdik patatxeen testuingu historikoaren ikuspegia eman du. Ondoren, Pottoroak abesbatzaren emanaldia izan da eta ekitaldia amaitzeko Xabier Alberdi Ohorezko Korsario izendatu da Donibane Lohizune eta Ziburuko “L´Ordre des Corsaires Basques”-en eskutik. Txalo artean ekitaldiari amaiera eman zaio.

plan donosti con lluvia