ALBAOLA

Pasaia (San Pedro)

DATOZEN ASTEOTAN KARELA JARRIKO DA BALEONTZIAN

15/8/2019

Albaola Itsas Kultur Faktoriak 5 urte bete berri ditu. 2014ean lurraren gainean baleontziaren gila jarri zen. Lehenengo pieza hau beste guztien bizkar hezurra izan da. Azken hilabete hauetan jada teilatutik gertu lanean, San Juan baleontziaren mokoa eraikitzen ari dira arotzak.

Pasaiako portu historikoaren sarreran zurezko ametsak eraikitzeko faktoria sortu zenetik bost urte pasa dira jadanik. 2014ko uztailean Albaola Elkarteak Itsas Kultur Faktoriako ateak ireki zituen erronka eta fase berri bati hasiera  emateko. Bost urte hauetan, San Juanaren eraikuntzak mugak gainditu eta helburu asko lortu ditu; horien artean, UNESCOren babesa, Gipuzkoako museorik bisitatuenetarikoa jada lehenengo urtean, 2018ko Turismo Jasangarriari saria, National Geographic-en 24 orrialdeko erreportaia eta ontzigintza eskola profesionalaren irekiera. Ia 250.000 bisitari izan dira guzti honen lekuko azkeneko 5 urte hauetan.

Azken hilabeteotan San Juan baleontziaren mokoa eraikitzeari ekin zaio. Itsasontziaren brankatik luzatzen den ontzi-mutur sendo bat da mokoa, eta erabilera ugari ditu: botaloitik eskegitzen den aurreko belarekin lan egiteko balio du, eta baita ere aingurak jasotzearen azken fasean lanerako plataforma bezala. Bestalde, botaloia mokoari amarratzen zaio, trinketearen estaiek egiten duten tentsioari eusteko. Borroka garaietan ere baliagarria zen mokoa, besteen itsasontziak abordatzeko eta, guzti hori gutxi balitz, itsasontziko komun bakarra zen baita ere, une lasaiagoetan noski.

San Juanaren mokoaren eraikuntza gorbatoi bat brankan sendoki lotuz hasi zen eta, ondoren, haren gainean haga sendo bat jarri zen; horren atzeko muturra brankaburuan ajustatua dago eta aurrekoa, lau bat metro aurrerago, pixka bat gorago geratzen da. Habeek, gorbatoiek eta zintoiek osatzen dute mokoaren estruktura, oholekin batera.

Mokoaren aurreko muturrak arku eta gezi baten itxura du; horretan bakarrik utzi zioten jatorrizko San Juanaren eraikitzaileek tartetxo bat fantasiari. Urteak joan eta mendeak etorri, itsasontzietako pieza apaingarri hori brankako maskaroia bilakatuko zen, konplexutasun handia hartuko zuen benetako eskultura.

Datozen asteotan mokoaren karela jarriko da, gaineko eskuzale edo errematea egiten duena; muturretik atzerantz zuzen abiatuko da eta gero goruntz okertzen joango da, gazteluaren gaineko karelarekin bat eginez.

Fase honen lekuko izan nahi dutenentzat Faktoria irekita egongo da udako ordutegian: Asteartetik igandera 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 19:00etara. Familia plana egin nahi dutenentzat haurrentzako Txoren historiak kuadernotxoa sarreraren erosketarekin batera takilan eskatu ahal izango da, jolasa eta ariketa ugari baleazaleen historia jolasten ikasteko.

Albaola museo qué ver en San Sebastián

Albaola museum what to do in san sebastian

albaola musée quoi faire à Saint Sabastien