ALBAOLA

Pasaia (San Pedro)

EZEKIELTZ BATELA URETARA!

12/4/2019

Ezekieltz batelaren uretaratzea egin dugu Albaola Itsas Kultur Faktorian, 1940an Getarian Emilio Irigoienen ontziolan eraikitako Maribeltz batel tradizionalaren bikia da. Albaolak 2017an abian jarritako Aprendiztegi Lance Lee Nazioarteko Ontzigintza Tradizionaleko Eskolako ikasleek egin dute, Javier Vizcaya ikaslearen ardurapean. Ezekieltz eta Maribeltz, batel berria eta zaharra eskutan hartuta abiatu gara Albaolako kideak, Aprendizetgiko ikasleak eta hainbat lagun Pasaiako Itsas Kultur Faktoriatik Ondartxo pasealekurantz eta uretaratzea egin dugu trikiti doinuaz eta kalejira batez lagunduta. Aurretik hainbat gonbidatu eta babesleren aurrean Xabier Agotek ontzi txikion eta itsas ondarea berreskuratzearen garrantziaz hitz egin du eta ikasleen lana zoriondu du. Javier Vizcaya ikasleak egun horren garrantzia azpimarratu du eta ikasle talde guztiaren lan kolektiboa goraipatu du. Orain, gure itsaso zaharrak badu ontzi berri bat gehiago eta baita esku berriak ere, zurezko ontzirik inoiz falta ez dadin. Zorionak!!