ALBAOLA

Pasaia (San Pedro)

Amarreen ibilbidea: ibilbide historiko berri bat aintzinako Pasaiatik

16/11/2018

Gaur egun Pasaiako Portua azpiegitura modernoa da, instalakuntza eta kai industrialez osatua, baina oraindik ere garai bateko jardueren eta egituren aztarnak mantentzen ditu. Gaur egun horiek guztiak ondarea dira eta portua beste garai batean izan zenaz hitz egiten digute. “Amarreen ibilbidea” azken hilabeteotan batera aritu diren eragile desberdinen arteko elkarlanaren emaitza da. Pasaiako udalaren ekimena da eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza izan du.  Albaolak berriz, gaur egia bihurtu den proiektuaren edukia landu du eta orain j​adanik gauzatua, gero eta zabalagoa den Pasaiako itsas historiaren ikuspegia osatzera dator. Ibilbide honek Pasai San Pedron eta Pasai Donibanen zehar sakabanatuak dauden 7 puntu elkar lotzen ditu eta puntu bakoitzean informazio oholak jarri dira. Leku hauek gordetzen dituzten istorioak errealitate gehituan ikusi daitezke smartphoneko aplikazio baten bidez eta laburpen bat ere eskuratu daiteke paperezko esku-orritan. Esku-orri hauek eskualdeko kultur eta turismo ekipamenduetan egongo dira: turismo bulegoetan, Albaola Itsas Kultur Faktorian, Mater, Victor Hugo etxean eta abar. Informazio historikoa, nola paperean hala mugikorreko aplikazio bidez 4 hizkuntzetan egongo da (EU;ES; FR; EN). Informazioa mugikor bidez eskuratzeko erabiltzaileak aldez aurretik “Pasaia Amarre” edo “Amarre Pasaia” izeneko aplikazioa deskargatu behar du eta kamerarekin ohol horiek enfokatuta aplikazioak lekua eskaneatuko du, kokapena identifikatu eta informazio historiko ugari azaleratzen du: aintzinako argazkiak, grabatuak eta abar.

Hemendik aurrera itsas historiaren eta ondarearen zale orok Pasaian eskaintza berri bat du gozatzeko.