ALBAOLA

Pasaia (San Pedro)

4. URTE ETA HAZTEN!

10/9/2018

4 urte bete dira Albaola Itsas Kultur Faktoria zabaldu zenetik eta etengabeko goranzko joeran doa.  

Bisitari kopuruaren igoeraz gain, proiektu estrategiko garrantzitsuak jarri ditu abian Albaolak.

Ireki zenetik jada 183.838 bisitari pasa dira Albaola Itsas Kultur Faktoriatik eta eguneko bisitari kopuruaren errekorra bikoiztu egin da aurten, egun batean 900 sarrera baino gehiago saldu direlarik.

Berritasun nagusien artean Aprendiztegi Lance Lee Ontzigintza Tradizionaleko Nazioarteko Eskola abian jartzea aipatu behar da, Euskal Herriko lehenengoa eta bakarra. Aurtengo maiatzean egin da ikasleek eraikitako lehenengo ontziaren uretaratzea, jatorria iralandarra duen Waterwag erako ontzia hain zuzen. Ezagutzaren eta honen transmisioaren eremuan, oso garrantzitsua da Faktorian eskaintza berri hau osatu izana. Izan ere, ontzigintza eskolak gure eremuan galtzear dagoen ogibidea mantentzen laguntzen baitu.

San Juanaren eraikuntza prozesuari dagokionez, bigarren kubiertari amaiera eman zaio eta popako eta proako gazteluen mailara iritsi da eraikuntza. Horrez gain, ontziaren kaskoaren barne egiturak ere landu dira.

Baleontziaren hornitzaile sareari dagokionez eta Zaraitzuko Ibarreko Batzorde orokorrarekin duen akordioaren baitan, baleontziaren mastak izango diren zuhaitzen hautaketa prozesua burutu da eta horietatik zenbait  bota dira dagoeneko.

Albaolak San Juan baleontziaren sokagintzari ere ekin dio 2018an. Lan hau Albaolako Ikerketa Departamenduak aurrez egindako lanean oinarrituta dago, Jean Louis Boss Baionako etnografoaren ikerkuntza lanei jarraika. Testuinguru honetan, FCMB Anglet zentruko Les Compagnons du Tour de France-ren ikasleekin 19.mendeko Hondarribiako azken soka makinaren erreplika burutu da. Honez gain, Zestoako Lili jauregikoenetan oinarritutako hauspoak egin ditu Faktorian boluntario talde batek, baleontziarentzat errementari lanak burutu ahal izateko.

Boluntarioei dagokionez, iazko garai berdinean baino 60 boluntario berri gehiago daude aurten, guztira 401 dira gaur egun. Besteak beste. Euskal herrikoez gain Alemania, Irlanda, Kanada, eta Italiatik eman dute izena. 

Albaolak berak parte hartutako ekintzen artean, nagusiena aurtengo maiatzeko

Pasaia 2018 Itsas Festibala izan da. Bertan, antolatzaile taldean izan da beste erakunde batzuekin batera. Besteak beste, 130.000 bisitari inguru, 100 itsasontzi tradizional baino gehiago eta ehunka marinel eta boluntario bildu zituena. Lehenengo festibal honek nabigazio eta kultur egitarau zabala izan du eta herriko kultur talde eta eragileen parte hartze handia izan du. Izan duen arrakastagatik, Pasaiako badiaren biziberritzearen mugarritzat geratu da eta Albaolaren beste proiektu bat egi bihurtu da.

Albaolaren proiektuek bidelagunak gehitzen jarraitzen dute. Enpresen artean Irizarrek babesle nagusia izaten jarraitzen du eta orain arteko babesleei eusten bazaie ere, azken urtean ordea, berritasun nagusia izan da elkarteak ere batu zaizkiela San Juan baleontziaren eta Albaolaren proiektuei. Horren froga dira Real Club Náutico de San Sebastián, International Propeller Club del País Vasco Puerto de Bilbao, Egurrezkoa, Ibaialde, Pays Basque-Québec eta Cobaty Cote Basque elkarteak beste batzuen artean. Azpimarratzekoa da baita ere, Lekeitioko eskola publikotik jasotako babesletza, non 900 ikasle beren poltsikotatik jarritako diruarekin San Juanaren babesle bihurtu diren. 

Nabarmendu behar da Albaolak mundu osoko komunikabideen arreta erakartzen jarraitu izana. Besteak beste National Geographic, Thalassa, TF1, France 2 eta 3, Radio France, Chasse Marée, Wooden Boat eta Freeman´s World. Horrez gain, interesa piztu du hainbat dokumentaletan, horien artean aipatu “Elkarrekin-Together”, iazko Donostiako Zinemaldian aurkeztu zena edo “De Santimamiñe al Guggenheim” Bilboko museoaren 25. urteurrena dela eta burututakoa.

Arloz arlo aztertuta eta nola kuantitatiboki hala kualitatiboki urte oparoa izan da 2017-2018 uda bitarteko hau Albaolarentzat. Taldeak eskerrak eman nahi dizkio bisitari, euskal erakunde publiko, babesle, boluntario, harreman internazionalei, komunikabide eta bide lagun izan dituen guztiei.

ZORIONAK ALBAOLA ITSAS KULTUR FAKTORIA ETA ESKERRIK ASKO!

Udako ordutegia gogorarazi: asteartetik igandera 10etatik-14etara eta 15etatik 19ak arte.

UZTAILAK 30 ETA 31 IREKITA!