ALBAOLA

Pasaia (San Pedro)

MIARRITZEKO UDALAK SAN JUAN BALEONTZIAREN GILAREN ORPOA BABESTU DU

19/7/2018

Miarritzeko Udalak baleontziaren pieza bat babestu du: gilaren orpoa hain zuzen.

Albaola Elkarteak eta Miarritzeko Herriko etxeak harreman luzea dute atzetik eta hainbat elkarlan egin izan dituzte, beti ere euskal itsas ondarearen eta kulturaren zabalkundea xede. 2018ko uztailaren 19 honetako ekitaldian, bi aldeek harreman horri forma eman nahi izan diote, sinatutako akordioaren bidez.

Akordioa Xabier Agote-k, Albaolako presidenteak eta Michel Veunac-ek, Miarritzeko auzapezak sinatu dute gaur Albaola Itsas Kultur Faktorian. Prentsaurrekoan Izaskun Gomez-ek, Pasaiako alkatea, parte hartu du baita ere. Miarritzeko hautetsi eta herriko agentez osatutako delegazioa ere bertan zegoen.

Lankidetza indartua

Miarritzek babestu duen pieza Gilaren orpoa da. Pieza hau oso garrantzitsua zen 16. mendeko euskal itsasontzietan, gila eta korasta elkarlotzen baitzituen. Horregatik haritz berezi bat aurkitu behar izan dute, korapilorik eta akatsik gabekoa. Lotura hori oso indartsua izan behar zen edozein egoeratan. Gilaren orpoa gilaren luzapen bat da, eta horrek itsasontziaren urpeko partea handitzen du, itsasontziaren kalitate nautikoa hobetuz. Bestalde, Miarritzeko udalak egitasmoa lagunduko du itzulpenetan laguntza ekarriz edo hirian Albaola Itsas Kultur Faktoriaren, hau da, ontziola-museo ezagutzera ematen besteak beste.

Bere aldetik, Albaolak Miarritzeko ikasle eta elkarteei bisita gidatuak egingo dizkie, itsas ondareari buruzko mintzaldiak eskainiko ditu eta Aquarium itsas museoaren eta Ozeanoaren hiriaren promozioa segurtatuko du haien dokumentazioa hedatuz.

Harreman azkarra itsasoarekin

Bere kokapen eta historiaren bitartez, Miarritze itsasoari eta itsas-ekonomiari irekia den hiria da. Era berean, bere lurraldean errotutako helmuga turistikoa ere bada, “Biarritz – Pays Basque” mundu mailako markak aitortzen duen bezala.

2014 urteaz geroztik, Albaola elkartearen jarduera nagusia 16. mendeko San Juan baleontziaren eraikuntza da, garai hartako ezagutza eta nagusitasunaren erakusleiho. Eraikuntza prozesua jendaurrean eta ontziaren garaiko metodoekin ari da burutzen, hainbat dimentsio biltzen dituen eremu zoragarri batean (kulturala, pedagogikoa, soziala, historikoa…). Hori dela eta, Albaolarena UNESCOren babesa duen ontzi eraikuntza prozesu bakarra da munduan.

Bi aldeen arteko akordio honek Miarritze eta Albaolaren arteko harremanari forma emango dio. Mugaz gaindiko harreman honek itsas historian bat egiten duen lurraldearen baitan konplizitate berriak sortzen ditu ere.

Albaola pozten da San Juan baleontziaren proiektuan Miarritzeko hiria bezalako bidelagun berri bat gehitzeaz eta zabalik dago ekarpen berriak gehitzen jarraitzeko.