ALBAOLA

Pasaia (San Pedro)

ALBAOLAKO ORDEZKARITZA BAT GALESEN

25/6/2018

Xabier Agote Albaolako presidentea eta Xabier Alberdi Albaolako Ikerketa Departamenduko zuzendaria Galeseko Newporten izan dira hango Newporteko itsasontziaren lagunen elkarteak gonbidatuta. Aurrez, Bristolen itsasontzi honi buruzko kongresu bat burutu zen “Newporteko ontziaren mundua” izenez eta orain, kongresuaren berri jasotzen duen liburuaren aurkezpenera gonbidatu du Albaola Friends of the Newport Ship elkarteak eta bi elkarteen arteko lankidetza hitzarmena lantzeko aukera izan dute. Hitzarmen honetan Albaolak ontzi horren ikerkuntzan eta ezagutzan laguntzeko asmoa jasoko da. Aurrekari bezala, Newporten arkeologoek itsasontzi honen saskarra aurkitu zutenean Xabier Agoterekin jarri ziren harremanetan eta honek ontziaren ezaugarriak ikusirik bere euskal jatorria adierazi zuen. Hori zehaztu eta egiaztatzeko Arkeolaneko dendrokronologia departamenduarekin jarri zuen harremanetan Newporteko elkartea eta  horrela, ontziaren egurra XV. mendekoa eta euskal jatorrikoa dela frogatu ahal izan zen.

Newporteko ontziak ezaugarri bereziak ditu, esaterako kaskoa trinkaduraz egina du. 35 m-ko luzera du eta 15. mendeko ontzirik esanguratsuena da. Bere sustapenaz Friends of the Newport Ship elkartea arduratzen da eta berak aurkeztu du kongresuaren liburua. Elkarte honek behin baino gehiagotan aipatu ditu Albaola eta San Juan baleontziaren eraikuntza arlo honetako eredu eta erreferentzia  bezala eta bi elkarteak harremanetan daude azken urteotan.