ALBAOLA

Pasaia (San Pedro)

ALBAOLAK SAN JUAN BALEONTZIAREN SOKAGINTZA LANAK HASI DITU

16/6/2018

Albaolak eta Angeluko Les Compagnons du Tour de Francek Hondarrabiko azken soka makinaren erreplika eraiki dute.

FCMB Anglet ikastetxeak eta Albaolak hilabeteetan elkarrekin egindako mugaz gaindiko elkarlanaren emaitza dira Albaolan aurkeztu diren soka makina eta bere gurpil eragilea. Hauek Itsas Kultur Faktorian erabiliko dira langileak sokagintzan trebatzeko eta San Juanaren sokateria egiteko.

Lan hau Albaolako Ikerketa Departamenduak aurrez egindako lanean oinarrituta dago, Jean Louis Boss Baionako etnografoaren ikerkuntza lanei jarraika. Etnografo honek XIX. mendeko  Hondarribiako azken soka makinaren ezaugarriak zehatz mehatz jaso ahal izan zituen, García Erauso familiaren jabetzakoa, eta bere lan etnografikoa izan da Albaolak eta Angeluko Les Compagnons du Tour de Francek burututako  lanaren oinarria. Albaolako Ikerketa Departamenduak lan etnografikoa aztertu eta  Angeluko ikasleek makinaren eta gurpil eragilearen zurezko lana egin dute segidan,  Albaolako arotzek lan hori osatu eta akabera emateko. Euskal ondarearen eta teknologiaren berreskurapen garrantzitsua da hau, galduta dagoen lanbide bati dagokiolako, sokagintzari hain zuzen ere. Orain Albaolak makina honekin lan eginez sokagintzaren arloan arkeologia esperimentala egiteko aukera izango du eta san Juanaren sokateria egiteari ekin ahal izango dio.

FCMB Anglet izen handiko Eraikuntzako Lanbideen Federazio Nazionaleko kide da, Les Compagnons du Tour de France izenez ezagunagoa dena. Federazio honek zurezko eraikuntzako teknika tradizionalak irakasten ditu; federazioak Albaola txertatu du bere praktika programazioan eta hortik dator elkarlan hau. Ugari dira hauek bezala, beren praktikak Albaolan egitea erabakitzen duten ontzigintza tradizionaleko edo eraikuntza-zurgintzako ikasleak, zuraren sektoreko etorkizuneko langile izango direnak.

Itsas Kultur Faktorian egindako ekitaldian, lan hau burutzen aritutako FCMB Angleteko ikasleak eta irakasleak, Albaolak, Jean Louis Boss etnografoak eta Euskadi-Aquitania-Nafarroa euro eskualdeko Mathieu Bergék hartu dute parte.

Pasaiako Itsas Kultur Faktoriaren aurrean hitz batzuk egin eta gero Albaolako langileek sokagintza erakustaldi bat burutu dute, makina berria martxan jarriz.

Albaolak garrantzia berezia ematen dio ondarearen eta euskal teknologia tradizionalaren ezagutzaren transmisioari eta gaurtik aurrera erreminta berri bat du San Juanaren eraikuntzan laguntzeko prest.