ALBAOLA

Pasaia (San Pedro)

Pasaiako Itsas Festibalak egitarau osoa aurkeztu du

05/5/2018

 

Pasaiako Itsas Festibalak egitarau osoa aurkeztu du

Egitarauak lehorreko eta uretako jarduerak izango ditu betiere itsas ondareari, kulturari, musikari, dantzari eta gastronomiari lotuak izango dira. Guzti hau, Pasaian, maiatzaren 18tik 21era gozatu ahal izango da.

Ezinbestekoa izan den tokiko gizarte eragileen laguntzarekin antolatutako egitarauak,  herritarren partaidetza sustatzea du helburu.

Gaur goizean Donibaneko Kulturgunean egindako prentsaurrekoan komunikabideei egitarau osoa aurkeztu zaie eta Pasaiako I. Nazioarteko Itsas Festibalean gozatu ahal izango diren lehorreko nahiz uretako jarduera guztiak azaldu dira.

Ekitaldi honetako parte hartzaileak honako hauek izan dira: Denis Itxaso, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol diputatua; Izaskun Gómez, Pasaiako alkatea; eta Xabier Agote, Pasaiako Nazioarteko Itsas Festibalaren zuzendaria. Bertan, itsas ondareari, kulturari, musikari, dantzari eta gastronomiari lotutako jarduerak aurkeztu dituzte. Guzti hauek Donibane, San Pedro, nahiz Trintxerpeko barrutietan, eta uretan garatuko direla azaldu dute.

Festibaleko lerro nagusiak itsasoa eta itsasontzi tradizionalak izango direla azpimarratu duten arren, lehorrean herrietako itsas kulturarekin zerikusia duten bestelako alderdiak ere beraien lekua izango dute. Itsasontzien inguruan, musika, gastronomia, artisautza eta tailer desberdinak programatu dira, betiere jarduera horien alderdi kulturala eta nortasuna bilatuz eta tokiko itsas kulturarekin duten zuzeneko harremanari erreparatuz.

Jarduerak uretan eta lehorrean banatuko dira. Lehenengoa, itsasontzi tradizionalak nabigatzeko agertokia izango da, eta bigarrenean, udalerriko lau barrutietatik hirutan, village moduko eremuak antolatuko dira. Hauetan gastronomiarekin, artisautzarekin eta musikarekin zerikusia duten ekitaldiak aurkitu ahal izango dira.

Jarduerak Donibane, San Pedro eta Trintxerpeko barrutien artean banatu dira eta herritarren partaidetza sustatu nahi dute

Egitarau honetan azaltzen diren jarduera guztiak ezinbestekoa izan den Pasaiako gizarte eragileen laguntzarekin antolatu dira, guzti hauek uretan nahiz lehorrean egingo dira.

Itsasontziak nabigatzen ikustean oinarrituko da uretan  egingo den ikuskizuna. Egingo duten ibilbidea badiatik atera eta berriz bueltan etortzea izango da. Horrez gain, itsasontzi batzuk bisitatzeko aukera izango da, hala nola, Hermione, Kaskelot eta Mater.

Lehorrean jarduerak eremuen arabera bereiziko dira.

Donibaneko gunean, besteak beste, musika emanaldiak, erakusketak, kongresuak, itsasontzietara bisitak, artisautza merkatuak, erakustaldiak, solasaldiak, bisita gidatuak, bertsolariak… gozatu ahal izango dira festibalean zehar.

Bestalde, San Pedroko eremuak bisitariei kontzertuak, bisita gidatuak, abesbatzak, hitzaldiak, haurrentzako tailerrak, jantzi tradizionalen desfileak, antzeztutako bisita gidatuak, etab. eskainiko dizkie.

Azkenik, Trintxerpek, historikoki Galiziarekin izan duen lotura dela eta, kultura galiziarrari atxikitako ekitaldiak garatuko ditu. Ildo horri eutsiz, besteak beste, igandean Galiziako idazkeraren eguna ospatuko dute. Halaber, Village honetan musika kontzertuak, erakusketak, desfileak eta tailerrak aurkituko dira, “dantza askatuko” lehiaketarekin batera. Hori igande goiza alaitzeko erabiliko da.

Itsas Festibalaren 1. edizioko jardueren zerrenda www.pasaiafestival.com webgunean dago eskuragarri.

2018ko Pasaiako Itsas Festibalari esker, aitzinera bidaiatuko dugu, gure historia berriz ere oroimenera ekarriko dugu eta jarduera ugari eta desberdinez baliaturik, itsasoaren testuinguruan toki eta sentipen magikoetara joango gara.  Hortaz, han ikusiko dugu elkar!