ALBAOLA

Pasaia (San Pedro)

RPK enpresa Arabarrak Albaolarekin duen elkarlana berrindartu du

03/4/2018

Aurreko urtean hasitako elkarlanari jarraipena emanez, RPK S. Coop-ek elkartearekin eta San Juanaren eraikuntzaren proiektuarekin elkarlana urtero berritzea erabaki du.

Itsas kultur faktoriaren ateak zabaldu eta urtebetera RPK S. Coop euskal enpresak San Juana baleontziaren aurreko belaren babesle izate erabaki zuen. Ordutik harreman estua izan du Albaolarekin, hainbat proiektu osatzeaz gain, bere bezeroentzako berariazko bisita ugari egin ditu. Horrela, jende ugarik ezagutu ahal izan du lehen eskutik baleontziaren eraikuntza eta 16. mendeko euskal enpresen izaera ekintzailea.

Izan ere, euskal industriaren garapenaren historian aparteko lekua du ontzigintzak, lurralde oso bat eta lanbide sare zabal bat baitzegoen jarduera horren atzean. 16. mendeko San Juan baleontzia da horren adibide esanguratsuenetakoa, mendeetako industria jarduera baten adierazpide gorena. Horregatik, RPKk proiektu hau babesten jarraitzea erabaki du, bere izaera industriala eta kooperatiboa eta San Juanaren eraikuntzarenak elkartuta jarraitu dezaten.

Gaur egun, RPK taldeak balio erantsi handiko zumitz konformatuak eta erresorte teknikoak egiten ditu eta lan kooperatiboan oinarritzen da. 1974an hasi zen Gasteizen 19 lagunekin eta gaur egun Amerika, Asian eta Europan ezarrita dago. Urrats berri hau emanez RPK-k proiektuarekin duen lotura indartzen du bere babesari urteroko izaera emanez. Laguntza ekonomikoaz gain, proiektua gizarteratzen lagunduko du bere harreman, bezero eta langile sarean.

Testuinguru honetan, atzo Xabier Agotek, Albaolako presidenteak eta Enara Novillo Albaolako marketing arduradunak kooperatibaren instalazioak bisitatu zituzten Vitoria-Gasteizen. Xabier Agotek Albaolaren eta San Juanaren proiektua aurkeztu zituen langile guztientzat irekia zen ekitaldi batean. Langileek enpresaren eta Albaolaren arteko akordioaren ondorioz Pasaiako Faktoria bisitatzeko sarrerak eskuratu dituzte.

Albaolak enpresa arabarrari bere laguntza eta jarrera eskertu dizkio, iraganarekin bat eginez etorkizuna eraikitzen bait du. San Juan baleontziaren proiektuarentzat ezinbestekoa den ekarpena da babesle pribatuena eta pixkana handitzen doa proiektuarekin bat egiten ari direnen zerrenda.

Babesletza honi esker, Albaolak laguntzaile berri eta sendoak gehitu ditu San Juanaren erreplika eraikitzeko abenturan, eta ekimena babestu nahi duten enpresa partikularrei zabalik dago.