ALBAOLA

Pasaia (San Pedro)

Aprendiztegi nazioarteko ontzigintza eskolaren lehen ontziak

08/2/2018

Eskola 2017ko irailean jarri zen abian eta lehenengo ontziak egiten hasiak dira. 

Aprendiztegi Lance Lee Nazioarteko Ontzigintza eskolan  bi proiekturekin ari dira aldi berean bere ibilbidearen hasera honetan. Bata, euskal batel tradizional baten erreplikaren eraikuntza da. Maribeltz izeneko batela Getarian egina da XX. mendearen erdialdera eta bazterreko arrantza izan da bere funtzio nagusia. Batel honen erreplikaren eraikuntzaren bidez, ikasleak euskal ontzigintzaren tipologian eta tekniketan barneratzeko lehen prozesuari ekin diote eta euskal itsas ondarearen berreskurapen proiektu bat dela esan daiteke. 

Bigarren proiektua irlandako Waterwag erako ontzi tradizional baten erreplikaren eraikuntza da.

Ontzi honen eraikuntza prozesua neurtzeko eta gainbegiratzeko Dublineko Waterwag Club elkarteko bi aditu izan dira Albaola Itsas Kultur Faktorian aste honetan. Ontzi mota irlandar hau belazko estropadetarako erabiltzen den lehenengo monotipoa da munduan. Ontzi hauen eraikuntza arauen baitan baldintza bat dago: komisio tekniko batek bi aldiz gainbegiratu behar du ontziaren eraikuntza. Lehendabizikoz orain egin du, ontzia oholez estali baino lehen eta, bigarrenez, ontziaren uretaratzea baino lehen egingo du. 

Bi ontzi hauen eraikuntza jendaurrean burutzen ari dira Aprendiztegiko ikasleak Albaola Itsas Kultur Faktorian.

Aprendiztegi Lance Lee Nazioarteko 

Ontzigintza Eskolak 2017ko irailean hasi zuen bere bidea eta ontzigintza tradizionalean arotz berriak trebatzea eta euskal itsas teknologia tradizionalaren transmisioa egitea ditu bere xede nagusiak. Aurten du lehenengo urtea eta 3 ikasturteko zikloa bete beharko dute ikasleek.