ALBAOLA

Pasaia (San Pedro)

Albaola Mexikon

27/1/2018

Albaolako presidentea hainbat hitzaldi egiteko gonbidatua izan da eta bertako eragile eta erakundeekin bildu da.

Xabier Agotek  euskal itsas teknologiari eta honek Ozeano Pazifikoan izandako eraginari buruz hitzaldiak ematen aritu da Mexikon. Agenda betea izan du egonaldi guztian zehar: 
San Luis de Potosí hirian, Capitán M. Caldera aretoan, “Estudios Políticos e Internacionales del Colegio de San Luis” programaren egitarauan eta “La Historia Olvidada: México-Filipinas” izeneko mintegian hitz egitera gonbidatua izan zen. Mexiko Hirian hainbat hitzaldi eman ditu, lehendabizikoa Instituto Nacional de Antropología e Historiako urpeko arkeologiako adituekin batera. Colegio de San Ignacio de Loyola Vizcainasen Sociedad Vascongada de Méxicoko kideekin batera aritu zen hitzaldia ematen eta Mexiko Hirian programatutako azkeneko hitzaldia Universidad Iberoamericanan eman zuen. Guztietan ere erantzuna bikaina izan da eta jende asko hurbildu da hitzaldiak entzutera.  Ondorioz, haserako programan ez bazegoen ere, urtarrilaren 25ean Mexikoko Euskal Etxean hitzaldi bat antolatu zuten piztutako interesari erantzuteko. 
Bestalde, egindako bisiten artean  Malinalcon izan da, aro hispanikoaren aurreko leku garrantzitsuan, bertako eragileekin bilduta. Azkenik, egonaldian zehar hainbat erakunderen ordezkariekin hainbat bilera eta topaketa izan ditu Xabier Agotek, horien artean honako hauekin:  

Jose Vigil, Mexiko-Manila galeoiaren Museoko arkitektoa; Tomas Calvillo, Mexikoren Filipinetako enbaxadore ohia eta San Luis de Potosíko kolegioaren sortzailea; Isabel Monroy, San Luis Potosíko Euskal Fundazioko espezialista; Berenice Pardo, Vizcaínas Museoko zuzendaria eta Ibon Mendibelzua, Eusko Jaurlaritzako ordezkaria Mexikon; (ezkerretik eskuinera X. Agote-Colegio Vizcainas argazkian,) 
Xabier Agotek dionez, egonaldi guztian zehar interes handia erakutsi diote Albaolaren proiektuarekiko eta euskal itsas historia eta ondarearekiko eta, egindako harremanen ondoren, Albaola elkartearekin hainbat kolaborazio mota burutzeko ateak zabaldu dira etorkizunerako Mexikon.