ALBAOLA

Pasaia (San Pedro)

140 UNESCO-ren munduko geoparkeen ordezkarik Albaola bisitatu dute

18/3/2016

Egun hauetan Europako Geoparkeen 37. Topaketa Gipuzkoan izaten ari da. Programa interesgarriaren barruan ALBAOLA bisitatu dute gaur arratsaldean. Europako puntu ezberdinetatik etorritako 140 parte-hartzaile etorri dira Albaola Itsas Kultur Faktoriara. Sare europarreko kide diren Geoparkeetako ordezkariez gainera, UNESCOko, Zientzia Geologikoen Nazioarteko Batasuneko (IUGS) eta Natura Babesteko Nazioarteko Batasuneko (IUCN) ordezkari nagusiak hurbildu dira. Geoparkeko hiru alkateak ere gerturatu dira. Oier Korta, Jose Angel Lizardi eta Pedro Bengoetxea, Zumaia, Mutriku eta Debako alkateak hain zuzen ere.
Bisita honen iturria, besteak beste, 2015eko abenduan UNESCOk ofizialki babestu zuen San Juan baleontziaren proiektuan datza. UNESCOren logotipoa proiektu honekin lotura duten ekintza guztietan erabiltzea baimentzeaz gain, bere babes osoa bermatzen dio. Alde batetik UNESCOren helburuekin bat datorrelako eta bere programetan proposatutako helburuei laguntzen dielako, eta bestetik eraikuntza prozesuan erabiltzen ari den zehaztasun zientifikoa dela eta.
Gehiago esaterik ere badago. 2001eko Urpeko Ondare Kulturalaren Hitzarmenak San Juan baleontziaren saskarraren silueta logotipo gisa du.

Historia partekatua

Pasaian eraikitako San Juan baleontzia, EuskalHerritik Ternuara joaten ziren zama-ontzi transozeanikoen adibide bat da. Euskal ontzigintza industriaren garrantziaren ikur hau Kanadako Ipar Atlantiar kostaldean, Red Bayn, hondoratu zen 1565ean.

1978. urte inguruan, hau da, 400 urte beranduago, itsas arkeologiarentzat eredugarri izango zen urazpiko indusketa hasi zuten. Parcs Canadako arkeologoek. 30 urtetako ikerketaren ostean ondoen ezagutzen den XVI. mendeko itsasontzia da.
XVI.mendean Europa eta Amerika elkartzen zituen era berean San Juan baleontziak bi herrialde hauek batuko ditu etorkizunerantz nabigatuz, iragan partekatu aberats horri jarraipena emanez.
Testuinguru honetan Europako puntu ezberdinetatik etorritako 140 parte-hartzaile etorri dira gaur ALBAOLARA. Sare europarreko kide diren Geoparkeetako ordezkariez gainera, UNESCOko, Zientzia Geologikoen Nazioarteko Batasuneko (IUGS) eta Natura Babesteko Nazioarteko Batasuneko (IUCN) ordezkari nagusiak hurbildu dira baleontziaren eraikuntza gertutik ezagutzeko, baita ALBAOLAKO instalakuntzak zein Itsas Kultur Faktoriako museoa bisitatzeko ere.

https://www.youtube.com/watch?v=kSEZMwvmWxQ&feature=youtu.be