ALBAOLA

Pasaia (Basque Country)

30 SEPTIEMBRE: CONCIERTO SOLIDARIO EN LA FACTORÍA

18/9/2018

Orona Fundazioak eta Albaola Elkarteak kontzertu solidario bat antolatu dute Salvamento Marítimo Humanitariori laguntzeko.

▪ Salvamento Marítimo Humanitario GKEa ezagutzera ematea eta GKE horrentzat dirua biltzea du helburu ekitaldiak, zeina bi erakundeen arteko elkarlanaren hasieraren bosgarren urteurrenean egingo baita
 

Irailaren 30ean Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktorian egingo den ongintzazko kontzertua aurkeztu dute gaur Orona Fundazioak eta Albaola Elkarteak. Irabazi-asmorik gabeko erakundea da Orona Fundazioa, eta haren bidez gauzatzen du Oronak bere ingurunearekin duen konpromisoa; Albaola Elkartea ere irabazi-asmorik gabeko erakundea da, eta Euskal Herriko itsas ondare kulturala hedatzea du xede.
Bi erakundeen arteko elkarlanaren hasieraren bosgarren urteurrenean egingo da kontzertua. Tenpora taldeak joko du, batez ere Itzulikako, bere bigarren diskoko, kantuak, errefuxiatuen egoerari buruzkoak; besteak beste, Lesbos eta Lampedusa. Nahi duen guztiak eman dezake dirua GKE horri laguntzeko, —kontzertura joan edo ez—. Antolatzaileen helburua hau da: batez beste, hamar euroko ekarpena egitea aulkiko.
Salvamento Marítimo Humanitario GKEari emango zaio kontzertuan biltzen den diru guztia. 2015ean sortu zen erakunde hori, Greziako krisi humanitarioa bete-betean zela, eta itsas salbamenduko lanak egiten ditu Mediterraneoan: errefuxiatuei laguntzen eta haiek artatzen jarduten da, Eusko Jaurlaritzak pleitatutako ontzi batekin.
Ekitaldi horren bidez, Albaolak itsas ondarea berreskuratzeko eta ingurunea zaintzeko egiten duen lana aintzatetsi nahi du Orona Fundazioak eta, horrekin batera, bi alderdi hauek bultzatu: kultura musikala —Tenpora taldearen kontzertua— eta gizarte-kohesioa —Salvamento Marítimo Humanitario GKEarekiko lankidetza—.

Bi erakundeen arteko lankidetzaren adibideetako bat dugu kontzertua. Izan ere, zenbait balio eta helburu erkide dituzte biek, eta beren ingurunea garatzeko elkarlanean jarduten dira. Beste enpresa hauek ere lagundu dute kontzertua antolatzen: Telesonic, ABS Iluminación, Lankor kongresu eta ekitaldiak, Bostnan agencia de comunicación estratégica, Gure Elikagai SL (Diametro 200 slow kafetegia), Sagardogileen Elkartea eta Lur Lan Elkartea.
Iñigo Marquet Orona Fundazioko Garapen Sailaren zuzendariak adierazi duenez, "ekitaldia sustatzen dugun erakundeok partekatzen ditugun balioak eta xedeak ditu oinarri ekimenak: kultura musikalaren sustapena eta gizarte-kohesioa, biak ere funtsezkoak Orona Fundazioarentzat". Beste hau ere esan du Marquetek: "Inguruko zenbait erakunderekin —adibidez, Albaola Elkartearekin— bultzatzen ditugun proiektuen eta lan-ereduaren adibide bat da kontzertua. Eta badira jada bost urte bi erakundeok elkarlan estuan dihardugula".
Xabier Agote Albaolako presidenteak, berriz, eskerrak eman dizkie laguntzaile guztiei (Telesonic, ABS, Lankor, Gure Elikagai, Bostnan, Lur Lan elkartea eta Sagardogileen Elkartea) eta esan du "elkartasun-itsaso bat osatzen horrelako tantek laguntzen"dutela.

Oronari buruz
• Europako eta Amerikako 11 herrialdetan 30 lantegi baino gehiago dituen enpresa-taldea.
• Europako 10 igogailu berritik bat Oronak egina da.
• 100 herrialdetan baino gehiagotan instalatzen dira Oronaren produktuak.
• Munduko 250.000 igogailuk Oronaren teknologia dute.
• Europako lehena da igogailu osoak ekoizteko ahalmenari dagokionez.
• Ekodiseinuko ziurtagiria (ISO 14006) eskuratu duen mundu osoko lehen igogailu-enpresa da.

KONTZERTUA
EGUNA: irailaren 30a
ORDUA: 19:00ak (ateak 18:30ean zabalduko dira)
LEKUA: Albaola Itsas Kultur Faktoria, Pasaia (http://www.albaola.com/eu)
SARRERA: Borondatezko dohaintza. Batez beste aulkiko 10 euro lortzea da helburua. Erreserbak egiteko aplikazioan, ekarpenak egin daitezke kontzertura joan gabe ere, "Ekarpen berezia" kontzeptuaren bidez.LEKUA ERRESERBATZEKO SAKATU HEMEN

albaola salvamento maritimo